Minimalismora jo du Linazasorok, eleberri «xume eta goxoan»
«Gizakiaren minak» ipuin bilduman bere ohiko estilotik urrundu da Karlos Linazasoro, «tranparik gabe», egia eta fikzioa nahastuta, istorio «gardenak eta tristeak» kontatzeko. Protagonistak «antiheroiak» izan arren, hauekin identifikatzea «erraza» izango omen da.O. LARRETXEA |
Bere ohiko ironia eta umoretik atera dela baieztatu zuen Karlos Linazasorok Erein argitaletxearekin kaleratu berri duen «Gizakiaren minak» liburu bilduman. Tolosarrak atzo Donostian egindako aurkezpenean adierazi zuenez, ipuin tristeak dira, guztiak gizakiaren oinazeez mintzatzen dira, min animiko nahiz fisikoez, atsekabeez eta porrotez: «Antiheroi asko dago hemen barruan». «Istorioek derrigorrez izan behar zuten tristeak. Pozak ez du literatura behar, minak berriz bai -aipatu zuen idazleak-. Hala ere, ez dira ipuin gogorrak, are gehiago, idatzi ohi ditudanak baino goxoagoak dira. Bestetik, gainerako lanetan ez bezala, ez dago umore edo ironiarik, batere gainera».
Guztira hamaika ipuin labur dira, batzuk poetikoagoak, beste batzuk intrigazkoak, baita Kafka edo Orwelli erreferentzia egiten diotenak ere: «Ipuin hauekin nire mundutik kanpo ibili naiz, eta nik nire mundua nahiko ondo maneiatzen dut, baina besteak...», aitortu zuen. Bidean kezka eta zalantza ugari agertu zaizkiola gaineratu zuen Linazasorok, izan ere, bere ohiko estilotik urrundu da lan honekin. «Derrigorrean» errespetatu behar zuen logikak eragin zituen bere kezkak, izan ere, istorioen sinesgarritasuna landu eta egiazkotasun hori lortzea oso garrantzitsutzat jo zuen: «Ipuin askotan benetako biografiak daude, eta fikzioarekin ondo lotu ahal izateko ahalegin handia egin behar izan dut».
Bildumaren beraren xumetasuna nabarmendu zuen, «estilo garbia, gardena, hornidurarik gabekoa» erabili duelako: «Asmoa muinera jotzea zen, eta jotzen du bete-betean. Elementu gutxirekin egin dut, erabilitako minimalismoaren bidez, ez dago tranparik, dena irakurlearen bistan dago», azaldu zuen.
Ipuin ezberdinak izan arren, hauek saltoka ez irakurtzeko gomendatu zuen azkenik, «haria jarraitzeko, emandako jarraipenean irakurri ezazue».