GARA > Idatzia > Kirolak

Atletismoa IX. Zegama-Aizkorri mendi maratoia

Tontorretan elurra eta giro beroa bidean, 510 ausartentzat

Mendi maratoien Munduko Kopako aurreneko proba honetan jendetza eta giro bikaina espero dira. Aratzeko eta Aizkorriko gailurrak ez dituzte joko. Parte-hartzaileen artean, iazko irabazle Ricky Lightfoot da aurtengo hutsunerik nabarmenena.

Arnaitz GORRITI

Giro beroa, eguraldi hotza eta bustia, tontorretan elurra eta guzti, eta, beste edozeren gainetik, parte-hartze errekorra, 510 ausartek hartuko baitute parte Zegama-Aizkorri IX. mendi maratoian. Eta hori 1.600 parte-hartze eskakizun baino gehiago izan direla.

Beste behin, Zegama txiki geratuko da mendian gora eta behera ibiliko den jende oldearen aurrean. Korrikalari herrikoiak, kirolari ohiak edo, besterik gabe, aurpegi ezagunak -Aitor Osa txirrindulari ohia, Aitor Lopez Rekarte futbolari ohia, Mikel Erentxun abeslaria...- eta, noski, baita aurreneko izateko lehiatuko direnak ere. Orotara 510 korrikalari.

Faboritoak asko ezagunak dira proba honetan. Hala ere, bihar ez da iazko irabazlea, Ricky Lighfoot, Zegaman izango. Bai, ordea, mendi maratoi hau irabaztea zer den ongi dakiten zenbait: Kiliam Jornet edo Robb Jebb, errekorra duen korrikalaria. Horrez gain, Agusti Roc, munduko txapelduna, Raul Garcia, Zegaman bigarren izan dena, Jessed Hernandez, Tofol Castañer edo Fernando Etxegarai eta Jokin Lizeaga euskaldunak.

Emakumeen artean, Emanuela Brizio, iazko irabazle eta errekorduna izango da faborito nagusia, baina aurkari gogorrak izango ditu, tartean, Megan Kimmel, Elbruseko lasterketa bertikaleko irabazlea, Estefanie Jimenez edo Nerea Amilia euskalduna, Anbotoko kilometro bertikaleko irabazlea. Orotara, 12 herrialdetako parte-hartzaileak izango dira, mendi maratoien Munduko Kopako aurreneko proba puntuagarrian.

Ohiko ibilbidea jarraituko du Zegama-Aizkorri mendi maratoiak. Alabaina, eguraldi txarraren esperoan, elurra ere izango omen delako iragarpenaren arabera, Aratz eta Aizkorri mendi gailurrak ez dituzte zapalduko.

Zergatik 510 bakarrik?

Azken urteetako 450eko kopurua gainditzea deliberatu du proba honetako antolakuntzak, jasotako eskakizun mordoa dela-eta. Orotara, 250 boluntario izango dira proba egunean eta korrikalariei ahalik eta zerbitzu egokiena ematea dute helburu.

«Antolakuntzak, izandako eskaera kopurua handia zela kontuan hartuta, ahalegin berezia egin du aurten parte-hartzaile gehiago zerrendan sartzeko. Beraz, 510 korrikalari daude igandeko probarako. Kanpotik beharbada, erraza ikusten da jende gehiagori aukera ematea, baina gure probaren ezaugarri garrantzitsuena korrikalariei eman behar diegun arreta eta zaintza da, eta ez dugu eginkizun honetan huts egin nahi», adierazi zuen Zegamako alkate eta lasterketako antolatzaile Edurne Albizuk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo