GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Independentzia premiaren aplikazio praktiko bat

Ondorio bakarrera ailegatu beharko gara ezinbestean: ez dago guretzat alternatiba onuragarririk eskema honen arabera: erabaki guztiak beste aldeak hartu behar baditu, erabakitakoa beti izango da beste aldearen onerako

Ongizate estatua deitu izan denaren azken aztarnen deuseztapen asmo tinkoaren aurrean gaude. Apokaliptikoa eman ahal du honek, baina langileriaren garaipenek buelta izan ahal dutela egiaztatuta daukagu aspalditik. Zerbitzu publiko eta babes sozial apurrak, oraindik geratzen zitzaizkigun apurrak, daude jomugan. Hau ez da gobernu baten neurri zehatz batzuen arabera ateratzen den ondorioa, neurri zehatz horiek erasoaldi orokorraren isla baino ez dira-eta. Zerbitzu publiko eta babes sozial horiek batzuentzat baino ez dira premiazkoak, duintasunez bizi ahal izateko ezinbestekoak. Beste batzuek, ez ahaztu, zerbitzu eta babes oro erosi egiten dituzte. Baina azken hauentzat ere premiazko bihurtu dira, nahiz eta beste modu batean izan: ezinbesteko negozioa, alegia. Botere ekonomikoak berarentzat aldarrikatu eta «botere» politikoak men egin.

Materia bezalakoa da kontu hau: materia ez da sortzen ez deuseztatzen, transformatu egiten da. Horrelaxe gertatzen da aberastasunarekin, zerbitzuak diren aberastasuna barne: gure eskuetatik desagertzen dena beste batzuen poltsikoetara joaten da.

Agian klase moduan gure erru kolektiboa ere onartu beharko dugu, ez dezatela pentsa beti aurrekoari egozten diogunik. Ongizate estatuan nahiko eroso bizi ahal izango ginatekeela sinistu genuen oro har, nonbait. Kapitalismoan batzuk gu baino hobeto biziko zirela onarturik ere, guretzat ere zerbait geldituko zela pentsatuko genuen, akaso. Baina munstroa bere horretan ez dela geratzen, baizik eta gero eta handiago, gero eta goseago bilakatzen dela ahaztu zitzaigun. Horrela, oilar eta untxi batzuk kobazuloan utziz hura aseta, elkarrekin bizitzea posible izango litzatekeelakoan, ailegatu da momentua munstroak exijitzen dituen sakrifizioak gero eta krudelago, basatiago, odoltsuago bihurtu direla.

Zelan ailegatu gara egoera honetara, ba? Arrazoi nagusia sistema bideratzen duen funtzionamendua bera da. Erabaki guztiak alde bakar batek hartzen ditu. Egia da modu sotil batean egiten duela hau, denon izenean eta gure onurarako bailiran aurkezten dizkigu. Baina errealitate bakarra da guri, bien bitartean, ikusle pasiboaren papera uzten digula, erabaki horietan eta erabaki horiek hartzen dituztenengan konfiantza izan dezagula eskaturik. Ondorio bakarrera ailegatu beharko gara ezinbestean: ez dago guretzat alternatiba onuragarririk eskema honen arabera, erabaki guztiak beste aldeak hartu behar baditu, beti izango dira beste aldearen onerako.

Beraz, eskema hori apurtzeko modu bakarra erabakitzeko gaitasuna berreskuratzea da. Ez dago bueltarik. Ez dago beste biderik. Eta erabaki gaitasun hori benetan erabaki ahalmen bihur dadin, erabakiak geure eremuan hartu behar ditugu. Bai, justu orain, erabaki guneak herritarrengandik ez ezik, geografikoki ere gero eta urrunago daudenean, inoiz baino premiazkoagoa da guk geure etxean erabaki ahal izatea. Independentzia premiaren aplikazio praktiko bat izango litzateke hau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo