GARA > Idatzia > Kultura

Tutto Verdi programaren barruan, «Falstaff» aurrenekoz emanda itxiko du ikasturtea OLBEk

Verdi maisuak idatzi zuen azken operak itxiko du opera denboraldia Bilbon, OLBEren 58.a. «Falstaff» etzi antzeztuko dute lehenengo aldiz Euskalduna Jauregian, Michele Pertusi kantari nagusi duela.

p042_f01_097x060.jpg

A. BILBAO | BILBO

«Falstaff» dugu Guiseppe Verdik (Milan, 1813-1901) idatzi zuen azken lana, 80 urte ingururekin idatzia -1893an estreinatu zen, Milango La Scala sonatuan-. Eta OLBEk, Tutto Verdi egitasmoa martxan jarri zuenetik maisu italiarraren hamar bat opera emanak dituen arren -aurtengo hirugarrena da «Falstaff»-, inoiz eman gabea zuen gaurdaino.

Etzi, maiatzaren 22an, igoko da «Falstaff» Euskalduna Jauregiko oholtzara, Arnaud Bernardek sortu eta San Carlo di Napoli Antzokikoa den ekoizpenean. Musikari dagokionez, Teatro Regio di Parmako orkestrak hartuko du opera jotzeko ardura, Marco Armiliatoren gidaritzapean.

«Ikus-entzuleetzat oso lan erakargarria da `Falstaff'», esan zuten atzo OLBEko arduradunek opera aurkeztean. Beraien esanetan, «Verdiren operetan komedia bakarra genuen -bigarrena-, bere bizitzaren hondarrean aurkezgai duguna idatzi zuen arte, gaztetasunaren freskotasunarekin».

Opera konplexua omen da «Falstaff», «kantari talde itzela eskatzen duena, eta zehaztasun handia behar duena muntaia musikalean».

Bernard eszena-zuzendariaren esanetan, «bi jeinuen arteko maisulana da `Falstaff', liburuxkaren egile Arrigo Boitorekin batera eman baitzuen Verdik». Bernard «eszenaratzeak bizitasuna izateak» kezkatzen du, eta «arintasuna» bilatzen du oholtza gainean. Marco Armiliato musika zuzendariak ere lan zailtzat du «Falstaff», eta, bere esanetan, horrexegatik antzezten da hain gutxitan. Konplexua delako, «eta perfektua».

Verdiren azken opera antzezteko ardura nagusia Michele Pertusi baritonoak izango du, «komikoa bezain mingotsa» den lana abesteko. Berarekin batera, Adina Aaron -debuta du OLBEn-, Angel Odena, Manuela Custer, Ewa Podles, Lisette Oropesa, Gregory Bonfatti, Jose Luis Sola, Nikolai Didenko eta Mikeldi Atxalandabasok kantatuko dute.

Tartekia

Opera eszenaratu baino lehen, eta lana hobeto ezagutarazteko asmoz, OLBEk hitzaldi bat antolatu du biharko (20.00etan, Ercilla hotelean). Bertan, Radio Clasica-RNE irratian «El Fantasma de la Opera» saioaren gidari Rafael Banusek hitz egingo du, «Falsfatt» ahotan hartuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo