GARA > Idatzia > Kirolak> Real Unión

Brit-en iritziz, etxean bertan oinarritu behar da mailari eusteko borroka

GARA | IRUN

Une gozoak bizitzen ari da Real Union, eta larunbatean Numanciaren aurka Galen jokatuko duen partida aukera bikaina da bolada onari jarraipena emateko. Horixe adierazi zuen Gorka Brit aurrelari lasartearrak: «Azken bost partidetatik hiru etxean jokatuko ditugu. Taldeak erakutsi du Galen oso indartsu dabilela, eta benetan uste dut etxeko hiru neurketak irabaziz gero Bigarren Mailari eusteko gai izango garela».

Izan ere, Irunen horren ongi aritzearen arrazoietako bat jendearen erantzun ona izan daiteke. Harmailetan jarraitzaileak gogoz dabiltza, eta larunbaterako bazkide bakoitzak sarrera bana erosi ahal izango du soilik bost euro ordainduta. Gainera, taldeak hilaren 30ean Salamancan (17.00) jokatuko duen partidarako ere autobusak antolatzen hasiak dira Irunen. Xehetasunak asteburuan zehaztuko dituzte klubaren webgunean.

Ezohiko Batzar Orokorra

Azkenik, Unionek atzo eman zuen jakitera datorren ekainaren 20an Ezohiko Batzar Orokorra egingo duela Ficoban. Eguneko gai zerrendan, balizko kapital handitzea dago. 225.000 akzio atera nahi dituzte 10 euroko prezioan bakoitza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo