GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bitorianatxoren jaitsierarekin hasiko dira Bergarako jaiak

Aurtengo jaiak bereziak izango dira, Bitorianatxo panpina Bergarara jaisten hasi zenetik 30 urte betetzen direlako. Gainera, lehenengo urtea izango da alkateak suziria botako ez duena, aurrerantzean eginbehar hori herritarrena izango baita. Antonio Irazola zinegotzi ohia izango da gaur txupinazoa botatzeaz arduratuko dena. Bost egunetarako egitaraua beti ospatu izan diren ekitaldiez, ekitaldi berriez eta bikoiztu behar izan dituztenez beterik dator.

p014_f03_71544.jpg

Nagore BELASTEGI

Mendekoste jaiak dira Bergarako festa nagusiak. Egun hori Aste Santuko Pazko Igandetik 49 egunera ospatzen da. Jaiak bost egun irauten ditu, gaur hasi eta asteartera arte, eta adin guztietako herritarrei zuzenduriko ekitaldiz beteriko egitaraua dago prestatua.

Aurten Bitorianatxo Bergarara jaisten hasi zeneko 30. urtea da. Horrenbeste urte eta gero, bost egunetan zehar herrira alaitasuna ekartzen duen emakume honek ez du oraindik erretiroa hartzeko asmorik eta bergararren gainetik hegan egiten, zerua gurutzatzen, alkatearen tokia hartzen eta jaietako erregin bilakatzen jarraituko du. Bitorianatxo 1981. urtean agertu zen San Martin plazan lehenengo aldiz, Bergarako Mendekoste jaiei hasiera emateko. Orain dela ehun bat urte Aldai Egia auzoko Mozolotegi baserrian -jada desagertua dagoena- bizi izan zen. Bakartia eta xelebrea omen zen eta sendabelarren gaineko ezagutza handia zuen Bitorianatxok. Hori dela-eta, jendeak sorgina zela uste zuen. «Sorgiña i zan Bitorianatxo ori, lanian ibiltze i zan etxeik etxe mantentze aldera», dio Bergarako esaera zahar batek.

Emakumea San Martin plazako izkina batean egoten zen mahai txiki batekin, marmita handi batean zuen ura eta bolatuak (uretan urtzen diren gozokiak) saltzen. Gehien maite zuena bere txakur txikia zen. Harekin ez zen inoiz haserretzen, nahiz eta tarteka marmita barruan pixa egin. Berdin zitzaion ura pixarekin saltzea. Oinutsik ibiltzen zen beti eta gona beltza edo gorria janzten zuen. Ilea bi mototsetan eusten zuen, eta zapiaz estaltzen zuen burua. Diotenez, ardoa gustatzen zitzaion eta, horregatik, bere jaietako panpinak zahagi bat darama lepotik zintzilik. Bitorianatxok, herrian bost egun igaro ondoren, lehen egunean egindako alderantzizko bidea egiten du, udaletxeko balkoitik Seminarioko teilaturainokoa, eta orduantxe amaitu ohi dira jaiak.

Aurtengo jaietan txupinazoa berezia izango da, lehendabizikoz suziria ez baitu alkateak botako. Haren ordez, 86 urte dituen Antonio Irazolak botako du. Irazola zinegotzi izandakoa da, eta, gainera, udaletxeko balkoian ikurrina lehen aldiz jarri zuena. Aurrerantzean txupinazoa ez du alkateak botako, eta Bergararentzat nolabaiteko garrantzia duten herritarrak gonbidatuko dituzte urtez urte jaiei hasiera ematen laguntzeko.

Egitarau berritua

Bost jai egunetako egitaraua ekitaldiz josita dago, eta ohikoez gain, gauza berriak antolatzeko aukera ere izan dute. Adierazgarriena lehen aldiz ospatuko den goitibehera lehiaketa da. San Martzialgo bidean egingo da eta 12 urtetik gorako zenbait bergararrek hartuko dute parte. Antolatzen den lehen urtea denez, sei parte-hartzaile besterik ez ditu izango lehiaketak, eta bi lehiaketaz kanpo. Pare bat kategoria egongo dira; 12 urtetik 16ra bitartekoena bata, 16 urtetik gorakoena bestea.

Aurreko urteetan arrakasta handia izan duten zenbait ekitaldi aldatu behar izan dituzte, horietan jende gehiagok parte hartu ahal izateko. Esaterako, orain arte astearte goizean bakarrik izaten ziren bigantxak eta aurtengoan, ordea, igandean ere jartzea erabaki dute, adin guztietako jendea erakartzen baitute. Horrez gain, astelehenean San Martin plazan ospatzen den herri bazkarirako txartel kopurua handitu behar izan dute. Iaz 500 saldu zituzten, eta aurten 750 jarri dituzte salgai eta guztiak agortu dira.

Urte askotan ospatu diren ekitaldiei ere eutsiko diete, biharko bakailao lehiaketa, adibidez. Iaz Muriondi elkarte gastronomikoa atera zen garaile, Iñaki Olabarriak eta Jose Gabilondok osaturiko bikoteari esker.

Asteartean, berriz, haurren eguna izango da eta etxeko txikienei zuzenduriko jolas parkeaz eta karaokeaz gain, helduentzako ekitaldiak ere izango dira, udal pilotalekuko eskuz banakako txapelketako pilota partida, esaterako.

jaien hasiera

Gaur, 19.00etan, federatuen arteko pilota partiduak izango dira udal pilotalekuan. Bitorianatxo jaitsi ondoren, kalejira izango da udal musika banda eta Kataia taldearen eskutik.

LEHIAKETAK

Bakailao lehiaketa San Martin plazan izango da bihar goizeko 11.00etan. Hamar elkarte gastronomikok hartuko dute parte. Sari banaketa toki berean izango da 13.45ean. Goitibehera lehiaketa ere egingo da bihar, San Martzialgo bidean 12.00ean.

Erraldoiak

Bihar, 18.30ean, erraldoien konpartsak kalejira egingo du Bergarako kaleetan barrena: San Martin plaza, Bidekurutzeta, Ramon M. Lili, Irizar, Kruz Gallastegi, Bideberri, Fraiskozuri, Herri Lagunak, D. Irala, Barrenkale eta San Martin.

«Borrokau ta ondo pasau», herri mugimenduaren proposamena

Bergarako herri mugimenduak Xaxau birus xaxatzailea sortu zuen iaz txosna gunea berpizteko. Aurten telebistarako iragarki bat filmatu dute herriko eta inguruetako tabernetan ikus daitekeena. «Xaxau, borrokau ta ondo pasau» lelopean, pertsonaiaren irudia herrian zehar zabaldu nahi dute. Xaxau alaitasunaren birusa da, jaiekin batera agertzen dena, eta herri mugimendukoek nahi dutena bergarar guztiek birus honen sintomak sentitzea da. Horretarako herri mugimenduak egitarau parte-hartzaile eta dinamikoa prestatu du, doinuz eta umorez beterikoa.

Musikak sekulako garrantzia izango du herri mugimenduak proposaturiko egitarauan, jaietako lehenengo lau egunetan rock kontzertuak izango baitira txosnetan. Horrez gain, gaur bertan ikasleen bazkaria izango da, eta gero triki-poteoa. Gainera, Deba ibaiko koadrilen arteko baltsa jaitsiera berreskuratu dute igande arratsalderako eta goizeko bostetan karaokea izango da txosnetan. N.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo