GARA > Idatzia > Ekonomia

Itsasoaren eta arrantza-jardueraren etorkizuna nola bermatu aztertuko dute bihar Ondarroan

GARA | ONDARROA

12mil.ondarroa plataformak antolatuta, itsasoa nahiz arrantza-jarduera etorkizunean nola mantendu aztertuko dute bihar Ondarroan. «Itsasoa, gure kostaldea, arrantzaren etorkizuna... egoera larrian daude» lelopean, goizeko hamarretan hasiko da plataformak antolatu tako jardunaldia, eta «zientzialariei, gizarte eragileei, erakundeei, biologoei, itsas gaietan adituei» eta oro har jendarte osoari hitzaldi sortan parte hartzeko deia egin diete.

Hain justu, Bioaniztasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko da larunbatean eta bioaniztasuna zaintzearen eta ikertzearen aldeko hainbat taldek osaturiko 12mil.ondarroa plataformak itsasoarekin eta arrantzarekin loturiko gaiak aztertuko ditu hainbat ikerlari, abokatu eta bestelako eragileen parte hartzearekin.

Babesturiko itsas eremua

Besteak beste, «12 milien proposamena» eztabaidatu eta sustatu nahi du biharko saioan plataformak. Proposamen honek Euskal Herriko kostaldeko urak babestutako itsas eremu izenda daitezen eskatzen du. Zehazki, euskal kostaldeko lehorreko mugatik itsaso barrura 12 milia tarteko eremua, Estatu frantsesaren lurraldeko uren eta Luzero lurmuturraren artekoak. Proposamena bera aurkeztu eta eztabaidatzearekin batera, berau Estatu espainoleko Itsas Eremuaren Babeserako Legean nahiz Europako Itsasoko Natura 2000 Sarea legedian nola egokitu daitekeen aztertuko dute.

Arrantzalekuen egoera

10.30etan hasiko da lehenengo hitzaldia eta «Kaladeroen egoera» izenburupean gehiegizko arrantzaren eraginez arrainen eta bestelako itsas animalien kalek gaur egun bizi duten egoera aztertuko dute. Era berean, gehiegizko jarduera horrek bioaniztasunean eragin duen galera ere izango dute hizpide.

Horren ondotik, arrantza mota ezberdinen inguruan mintzatuko dira eta administrazioetako ikuskatzaileen lana aztertuko dute, zehazki, «aurkitutako irregulartasunen aurrean inspekzio eta kontrol lanaren errepasoa» ere egingo dute.

Azkenik, eta jardunaldia agurtzeko, bazkaria ere egingo dute 14.30ean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo