Gipuzkoako Aldunditik 13 milioi jasoko dute 182 enpresa proiektuk
GARA | DONOSTIA
Gipuzkoako aldundiak 13 milioi euro bideratuko ditu 182 enpresa proiektutara. «Krisiaren Aurkako Plana 2010» ekimenaren barruan enpresen lehiakortasuna bultzatzeko hiru programa aurkeztu ondoren, 500 proiektuk eskatu zuten diru laguntza eta azkenik Aldundiak 182 aukeratu ditu.
Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok «Sendotuz», «Hausnarketarako Prozesuei Babesa» eta «Berrikuntza Proiektuei Babesa» izeneko hiru proiektuen emaitzen berri eman zuen atzo Donostian. Azaldu zuenez, aukeratu dituzten 182 proiektuen inbertsio osoa 37 milioi euro ingurukoa izango da, eta horietatik 13 Aldundiak jarriko ditu.
Olanok azaldu zuenez, 182 proiektu horien bidez 181 gazte adituren kontratazioa ahalbidetuko da. Horietako 100 ingeniaritzan trebatuak dira, 39 lizentziadunak, 21ek goi mailako heziketa zikloak egin dituzte, 18k erdi mailako tituluak dituzte eta hiruk doktoretza dute eginda.
Diru laguntza eskuratu duten taldeak, berriz, sektore ugaritakoak dira. Besteak beste, makina erreminta, energia berriztagarriak nahiz automobil-industriakoak. Badira komunikazioaren eta informazioaren teknologiari loturiko zerbitzu eta produktuak eskaintzen dituztenak ere.
Datuok Gipuzkoan enpresa sare «aktibo eta konprometitua» dagoela erakusten dutela adierazi zuen diputatu nagusi Olanok.