Gu, galtzaileok
Iñaki LAZKANO | Kazetaria eta Gizarte eta Komunikazio Zientzietako irakaslea
Alanis Obomsawin ikusezina da. Bere zinema bezalaxe. Bere herria bezalaxe. Munduko hiritarra balitz, ez litzateke hain primitiboa izango. Horren etnozentrikoa. Demokratek ere ez lituzkete sekula haren hitzak ahanzturaren hilerrian lurperatuko. Gehiegi maite du bere herria, ordea. Horixe du bekatu. Mezu kosmopolita eta unibertsalak ere atsegin izango ditu, beharbada. Auskalo. Baina mugarik gabeko munduaren liluraz poesia egitea zaila da oso zeure herria erreserbetan preso dutenean.
Abenaki herriaren bihotzean jaio zen Obomsawin. Kanada izenarekin ezagun den herrialdean. De Gallek «Vive le Québec libre» aldarrikatu zuen lur puska ederrean, hain justu. Gazte zela, herri indigena ikusezinak irudikatzeko asmoz hartu zuen kamera. Ez artista bilakatzeko. Errealitate ukatua islatzeko baizik. Galtzaileei ahotsa emateko. Nortasuna galtzear denak soilik uler baitezake identitatearen aldeko borrokaren gordina.
Zinemagile amerindiarraren dokumentalak ez dira objektiboak. Erreserba urrunetan baztertutako anaia-arreben saminaz diharduelako; kultura asimilaziora kondenatutako herriaren patu lazgarriaz; zuzenbidezko estatuak indigenei ukatutako eskubideez. Horrexegatik bere film subjektiboen over ahotsak «our people» darabil etengabe. Injustizia salatzen ez denean, injustizia pairatzen duenak hitza bereganatzea beste aukerarik ez duelako.
Sarritan, baina, ez dirudi hitzak aski direnik. Hain dira zurrunak sistemak eraikitako isiltasunezko murruak... Halako zerbait jazo zen mohawk herriko indigenak, armak eskuetan hartuta, arbasoen lur sakratuaren alde matxinatu zirenean. Demokraziaren aurkako erasoa gogor gaitzetsi zuten politikariek. Eta, hedabideek, aldiz, salaketari argudioak eskaini zizkioten; matxinoak gerlari basati gisa irudikatuz. Auzia oinarri hartuta, «Kanehsatake: 270 Years of Resistance» (1993) filmatu zuen Obomsawinek.
Asaba zaharren espiritua datzan lur sakratuan golf zelaia egin nahi zuten zurien aurka altxatu ziren mohawk indigenak duela hogei urte. Obomsawinek, bere dokumentalik lirikoenean, galtzaileen taupada libreak dakarzkigu. Hedabideek ukatutako testigantza eta sentimenduak, alegia. Sari ugari irabazi zituen filmak. Baina, hori, gutxienekoa da. Dokumentalaren bidez galtzaileen hitzak munduan barrena zabaldu eta injustizia amaitzea lortu zuela da garrantzitsuena. Batzuetan, zinemak mundua alda dezake. Halakoetan, balak baino erabakiorragoak izan ei dira hitzak galtzaileon garaipenetan.
Dirección: Leif Lindblom.
País: Suecia, 2007.
Duración: 103 minutos.