GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Jean Bordaxarren laukotearen «Zuzenean» diskoa kalean da

Iaz Usurbilen egin emanaldi baten grabazioa da Jean Bordaxar, Jean-Pierre Luro, Robert Larrandaburu eta Jean-Noel Pinque kantariak biltzen dituen «Zuzenean» diskoa. Laukoteak hainbat emanaldi eginen ditu Euskal Herrian zehar ondoko hilabeteetan.

p046_f01_148x100.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Jean Bordaxar, Jean Pierre Luro, Robert Larrandaburu eta Jean Noel Pinque kantari zuberotarrek osatu laukoteak «Zuzenean» diskoa kaleratu dute Elkar argitaletxearen eskutik. A capella abestuak dira kantuak, eta Jean Bordaxarrek sorturiko abestiez eta kantu herrikoiez osatua dago.

«Zuzenean» iaz Usurbilen egindako emanaldi batean grabatu zuten, eta, horrek diskoari ematen dion «naturaltasuna eta zintzotasuna» goraipatu zuen Elkarreko zuzendari Anjel Valdesek.

«Zuzenean grabatuta, kantariaren indarra agerian geratzen da», esan zuen. Diskoaren bigarren berezitasuna laukotean aritzea zela nabarmendu zuen Valdesek.

«Ohiturazkoa da kantu tradizionalean bakarlari aritzea. Laukotean ez hainbeste, zailagoa delako. Oihal hori oso modu finean josita dago diskoan. Lan gaitza izan da. Denbora anitz eman du. Emaitza publikoarekiko proposamen zintzoa da», argitu zuen.

Zuberoako espiritua

Jean Bordaxar, Jean Pierre Luro, Robert Larrandaburu eta Jean Noel Pinque 1998an hasi ziren elkarrekin kantatzen. Hasieran esperientzia gisa hartua zutena, denborarekin, kantua laukotean ematea «belarriarentzat indartsuagoa» zela iruditu zitzaien.

Abestietan «Zuberoako espiritua» agerian jartzea zutela helburu argitu zuen Jean Bordaxarrek. «Kantu bakoitzak badu bere mezua, baina, bizi garen lekuaren sentimenduen eramaile ere bada», nabarmendu zuen.

Kantuan 1998an hasi baziren ere, diskoa kaleratzeko nahiago izan dute urte batzuk igarotzea. «Bada momentu bat diskoa kaleratzeko asmoa sortu zitzaiguna. A capella sailean zaila da harmonizazioa aurkitzea», gaineratu zuen. «Zuzenean» diskoan kaleratutakoak Usurbilen abestu zituztenak dira.

«Ez dugu aukeraketa berezirik egin», argitu zuen Bordaxarrek. Horrenbestez, errepertorio zabala dutenez, etorkizunean lan gehiago kaleratzeko asmoa dutela jakinarazi zuen. Laukoteak jadanik hainbat emanaldi eginak ditu Euskal Herrian, bai eta kanpoan ere. Ondoko bi hilabeteetarako hainbat hitzordu finkatuak dituzte dagoeneko.

Ekainaren 20an Agurainen izango dira, abuztuaren 12an, berriz, Azkainen, eta, ondotik, Amurrion, Larrainen eta Garindainen ere izango dira. Abuztuaren 23tik irailaren 8a arte Ameriketako Estatu Batuetako Kalifornia estatuan ere arituko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo