Rubalcabaren azalpenak ezagunegiak zaizkigu, baina bere «errealitatea» egiaztatzeko behar ditu
Atzo Lapurdin ETAko buruzagitza atxilotu omen zuten, azkenaldi honetako hamaikagarrena. Ez da batere erraza gogoratzea erakunde horri, duela 50 urte jaio zenetik, zenbatetan moztu dioten burua. Oraingoan, ordea, Barne Ministerio espainolaren eta polizia aparatuen eraginkortasuna ohi baino handiagoa izan da, Ministerio horretako buru Perez Rubalcabak aditzera eman zuenaren arabera, erakunde armatuko burua ez ezik, gerora haren ordezko izango zena ere atxilotu zuten-eta. Ministroa ziztu bizian agertu zen jendaurrean ezagunak gertatzen diren azalpenak ematera, hedabideei operazioa bukatu arte itxaroteko eskatu zien arren. Ez da harrigarria, ordea, Barne ministroa beti agertu da-eta azalpenak, bere «errealitatea» egiaztatuko duten azalpenak, emateko prest, eta azken egunotan areago, bere Gobernuak herritarrak beldurrak airean jartzeko moduko agerraldiak egin ditu-eta. Beraz, hedabideek zuhur jokatu behar dute; antza denez, Ministerioak emandako jarraibideen arabera, eta horrela hurrengo polizia operazioa bertatik bertara ikusi ahal izango dute. Itxuraz, gatazka parametro demokratikoetara lerratzeko ahalegintzea baino interesgarriagoa dena.