GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Bestelako gizartea, bestelako neurriak

Gobernu aldaketa gizarte aldaketarekin parekatu nahi dutenek kontrakoa esan arren, Euskal Herriko gizartea ez da aldatu, ez bat-batean behintzat. Era berean, ahots horiek Nafarroa eta gainontzeko euskal lurraldeak desberdinak direla esaten dutenean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa elkarren artean ere desberdinak direla jakingo ez balute bezala jokatzen dute. Areago, euskal lurraldeak beste herrialde batzuekin dituzten desberdintasunak are nabarmenagoak direla ere ezkutatzen dute. Krisi garai hauetan euskal lurraldeak espainiar eskualde eta nazioen aldean oso bestelakoak direla agerian geratu da. Krisian, adierazle sozial eta ekonomikoak aldez aurretik adierazle politiko eta kulturalek adierazten zutena baieztatzera etorri dira: Euskal Herria nazio bat dela, eta, nahiz eta sistema kapitalistaren barruan dauden elementu estruktural komun guztiak kontuan hartu behar diren, krisiari aurre egiteko bestelako ikuspuntu, indar erlazio eta baliabideak dituela. Bai sindikalgintzan eta bai enpresa-ehunean, aurkakotasunak aurkakotasun, desberdintasun horiek nabarmenak dira. Era berean, subiranotasun ezak eragiten dion kaltea ere nabarmen agertzen ari da, rating agentzien balorazioetan argi azaltzen denez, adibidez.

Badago zerbait espainiar Estatua eta Euskal Herria maila batean berdintzen dituena: klase politikoa eta honi lotutako egitura instituzionala. Euskal Herrian badago, egia da, klase politiko horrekin zerikusirik ez duen beste politikari klase bat, baina ilegalizatuta eta askoren kasuan kartzelan. Horregatik ere, premiazkoa da ziklo politikoa aldatzeko prozesua martxan jartzea.

Euskal gizartea desberdina delako, euskal administrazioek Madrilek ezarri nahi dituen neurri horien egokitze erregional hutsa egin nahi izatea onartezina da. Lan hau politikari profesionalen esku uzten bada, argi dago ondorioak langileentzat eta alor publikoarentzat zeharo kaltegarriak izango direla. Baita herriarentzat ere. Horregatik, presioaren eta agenda soziopolitiko argi baten bitartez egoerari neurria hartzeko gai izango den alternatiba eraiki behar da. Desberdinen artean, herriarentzat eta gizartearentzat benetako aldaketa ekarriko duena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo