Itsasoari loturiko bizimolde eta jakiak asteburuan Bermeon
Arrain Azokaren hamaseigarren edizioa ospatuko dute gaurtik hasita igandera arte Bermeon. Itsasoari lotutako herria izaki eta bertako ekonomiak arrantza eta berarekin loturiko jarduerak oinarri dituenez, lanbidea eta jakiak ezagutzeko aukera izango dute gerturatzen direnek. gainera, Busturialdeko kontserba fabrikek ia 30 saltoki jarriko dituzte Lamerako parkean beren produktuak eskaintzeko.
GARA
Asteburu honetan jende andana batzea espero dute Bermeon. Gaur hasi eta igandera bitartean tradizio bilakatu den Arrain Azokaren hamaseigarren edizioa ospatuko dute. Maiatzeko hirugarren asteburuan izaten da eta urteak aurrera joan ahala Bizkaian eta Euskal Herri osoan ospea eta erakargarritasuna lortu duen festa da.
Kostaldeko herria da Bermeo eta itsasoarekin lotura estua du arrantzarekin zerikusia duten jarduerak direla-eta. Arrain Azokak bizimolde hori ezagutzeko aukera eskaintzen die gerturatzen diren guztiei, bermeotarren arrantzatzeko ohitura zein azken urteetan izan diren berrikuntzak. Horrez gain, jakiak eros ditzakete bisitariek herriko eta eskualdeko kontserba fabrikek jarriko dituzten salmenta postuetan.
Ia 30 saltoki izango dira Lamerako parkean kontserba fabriken produktuak eskainiz. Arrain freskoa, mariskoa, kontserbak eta aurrez sukaldatutako jakiak izango dituzte salgai. Goizez eta arratsaldez, 11.00etatik 15.00etara eta 16.30etik 21.00etara izango dira zabalik ostiralean eta larunbatean. Igandean, berriz, 16.00ak arte izango da erosketak egiteko aukera.
Arrantza sektoreari bultzada ematea du helburu Arrain Azokak, baina askoz gehiago ere izaten da. Bermeoko alkate Xabier Legarretak aurkezpenean nabarmendu zuenez, «herri osoak» parte hartzen du eta horrek gainontzeko azoketatik ezberdintzen du.
«Asteburu honetan Bermeok erakusten duena, ez dute beste azokek erakusten. Bisitan etortzen den jendeak herri arrantzale bat ezagutzeko aukera izango du, itsasora begirako bizitza duena eta arrantza jarduerari lotuta dagoena», laburbildu zuen alkateak.
Gai ezberdinak jorratu izan ditu Bermeoko Arrain Azokak urtero. Orain arte arrain espezie bat izaten zuen ardatz, baina aurtengoan haur eta gazteen artean arrain kontsumoa sustatzeko baliatu nahi dute.
Horretarako, umeen txokoan egingo diren jolas eta tailerretan dietan arrainak duen garrantziaz jabetzeko kontzientziazio lana egingo dute eta kontsumitzaileentzako gida bat ere prestatu dute.
Hegaluze Saria izaten da azokaren beste atal garrantzitsuetako bat. Gaur eguerdian, 13.30ean, Kafe Antzokian emango du saria Arrain Azoka elkarteak Itsuki Irratiaren lankidetzarekin. Jabier Elortegi zinema zuzendari bermeotarrari egokitu zaio saria.
Beste batzuen artean, «Zorion perfektua» filma zuzendu du Elortegik eta, antolatzaileek azaldu dutenez, bere proiektuetan Bermeorekiko lotura erakutsi duelako eman diote Hegaluze Saria. Elortegiren izena herritarren ahotan izan da sarritan eta herriarekiko lotura agertu duelako aukeratu zuen epaimahaiak gainerako hautagaien artetik.
Ikastaroak eta giroa
Lamerako parkean etxera eramateko produktuak erosi ahal izango dira. Arrain freskoa zein kontserban edo gatzetan. Horrez gain, informazioa jasotzeko aukera izango dute bisitariek. Izan ere, Udalarrantz elkarteak jarriko duen karpan arrain freskoaz jakin beharrekoa ezagutzeko ikastaroa emango dute goizez eta arratsaldez.
Erakusketak ere antolatu dituzte. Arrantzaleei eta portuko langileei aspaldi ateratako argazkiak jarriko dituzte ikusgai «Itsasoko kontuak» karpan. Arrantzaleen eta emakumeen inguruko bideoak eta itsasontzi zaharren erakusketa ere izango da. Kofradia zaharrean arrain salmentaren antzerki modukoa egingo dute Bermeora hurbiltzen direnek ikus dezaten. Gaur eta bihar egingo dituzte saioak goizez eta arratsaldez. Beste alde batetik, Eleizalde ikastolak antolatutako pintxo lehiaketa egingo da larunbat eguerdian. Aurtengo Ibilaldiaren antolatzaileek herriko ostalariek egindako arrain pintxoak sarituko dituzte.
Hiru egunetarako prestaturiko egitaraua oparoa da, azoka inguruetan giroa sortzea helburu. Dantza erakustaldiak, danborrada, kontzertuak izango dira eta fanfarre eta trikitilarien kalejirek jai giroa zabalduko dute herriko kaleetan barrena. Aurreko edizioetan bezala, Artza frontoian arraina dastatzeko aukera izango da Jose Mendizabal sukaldariaren eskutik.
Nahiz eta azken egunetan ekitaldi ezberdinak eta hitzaldiak egin dituzten Bermeon, gaur emango diote hasiera Arrain Azokari. Goizeko hamaiketan irekiko dituzte saltokiak eta ordubete geroago egingo da ekitaldi ofiziala Lameran. 13.30ean Hegaluze Saria emango diote Jabier Elortegiri Kafe Antzokian. Arratsalderako giroa berotzen saiatuko dira fanfarreak Lameran eta Portu Zaharrean 17.30etik aurrera. «Cuídate al timón» antzerki ikuskizuna izango da 18.30ean eta eguneko azken ekitaldia Alkartasuna Dantza taldeak eskainiko du 20.30ean.
Larunbaterako ekitaldi gehiago antolatu dituzte. 11.30ean produktu berriak aurkeztuko dituzte Busturialdeko kontserba fabrikek. Hurre-Hurre eta Adiskide txokoek danborrada prestatu dute 12.00etarako. Bermeotarrak fanfarrea izango dute lagun.
Trikitilariak eta txistulariak arituko dira ordu erdi geroago eta Eleizalde ikastolak antolatutako pintxo lehiaketako sariak emango dituzte. Arratsaldean antzerki ikuskizuna eta musika emanaldia egongo dira. Gaueko hamarretan, berriz, habanerak izango dira Artza frontoian.
Igandean bukatuko da festa eta goizean soilik izango dira ekitaldiak. Umeentzako pintura lehiaketa eta erraldoiak eta gaiteroak izango dira.
Azkenik, antolatzaileek nabarmendu dutenez, aparkaleku bereziak jarriko dituzte herriko sarreretan bisitarientzat, eta oinez hamar minutu besterik ez dituzte egin beharko Arrain Azokara iristeko.
Orain arteko azokek arrain espezie bat izan dute ardatz; aurten, berriz, gaztetxoen elikaduran arrainak duen garrantzia izango da gai nagusia.
Jabier Elortegi zinema zuzendari bermeotarrari emango diote aurtengo Hegaluze Saria bere proiektuetan herriarekiko lotura agertu duelako.
Lakuako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Udalarrantz Euskal Herriko arrantza udalen sareak Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeko herrietako arrain azoka guztiak bateratzeko proiektua aurkeztu zuten joan den asteartean. Euskadiko Arrantza Azokak izena eman diote eta Bermeon, Ondarroan, Lekeition, Zierbenan, Mutrikun, Orion eta Zumaian ospatzen diren azoka eta gastronomia jardunaldi guztiak produktu bakar gisa bateratzea da helburua. Aurkezpenean nabarmendu zutenez, bertoko arrainaren kontsumoa bultzatu, arrantzalearen eta emakumearen irudiari balioa eman eta sektorearen jarduera zabaltzea da proiektuaren helburua. GARA