GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Hauspoari eraginez...

 

Anartz Bilbao | Musikazalea

Lizarran haurrek «E.Hn euskaraz» kantatu eta polemika sortu dela irakurrita -Jesus!-, aproposa begitandu zaigu Oskorriren ahapaldia, «Furra Furra»-koa, soinu txikiarekin deabrukeriak egiten ohitua den «...lehoia» gogoan.

Euskal musikak eman duen biboterik sendoenaz ari gara (Xabier Saldias «Fredy txikiaren» baimenarekin, kontu!). Moustache gipuzkoarraz ari gara gero, eta ez Huajalote nafarrek luzitu zituzten mexikarrez.

Familiatik omen dakar soinua -entzun 89ko «Tapiatarren trikitixa», Elkar-, eta gaztaroan norgehiagoka gogorrak izan ei zituen gaur egun itzal handia duen beste trikitilari bizkaitar puntako `bategaz' ere. Kontu politak entzuten dira gainera, batak eta besteak irabazitako txapelketei eta hauen eskaintzei buruzkoak -behin Bilbo partera jo eta lehiakideari garaikurra eskaini ziola ere esaten da-. Leturiaren pandero irribarretsuaz elkartuta «Jo eta hautsi» jardun zuen gero, «Juergasmoan», eta kulunkari jarri gintuen, «Dultzemeneoan».

Bandido banda jendetsuagoan soinu gogorragoetara pasa, -to fusio eta mestizajea!- eta beste bi agertu zituzten plazara, bigarrena, «Zoro», zuzeneko biluzian larrugorritan agurtu arte.

Gaztaroaren muga orain gutxi gainditu dugunoi «erromeria» hitzaren benetako esanahia izerdiaz erakutsi zigun, honakoan ere Letu banaezinarekin batera -apuntatu Amurizarekin plazaratutako «Bizkaiko kopla zaharrak» ezinbestekoen zerrendan-, baita elkarlan mordo bat eman ere, berdin Negu Gorriak-ekin, Mikel Laboarekin edo Hiru Trukun, lagunekin.

Baina hemen -berari entzun genionez-, behin kontserbatoriora gonbidatu zutenei, soinu txikiak musika goi-eskolatuetan zuen sona txarra ezagutzen zuenez, pentagramak arbelean ikusi eta, zirikatzaile, «nik ez dut lerrorik behar idazteko!» esatera ausartu bide zenak bakarka egindako bidea nabarmendu nahi dugu, ez duelako botoi, tekla edo hauspo gehiagorik behar izan soinu txikia handi egiteko. Eta bakar.

Apo bihurtuta boteretsuen kontrako soinu bidaian murgildu gintuen Koldo Izagirre maisuarekin -hitzetan ei du irakasle, Idazle Eskolan azaldu zigun legez, poesia eta musika nola uztartu azalpen zoragarrietan-, arraunlari izan genuen Quebeceko paraje urrunetan, eta denboran atzera eginda, Intxortako lubaki basaztuetan ere ibilia da. Ausart eta grinatsu, Gaztelupea laga eta biluzik plazaratu zen politika kontuak mintzagai hartuta, Arkaitz Miner eta Jexux Aranbururekin.

«Bide», «ei» eta «omen», esamesez bete dugu zutabea, behingoz mitoak bere horretan utzita, gurean sarri gehiegi ere jakiten da-eta. Joseba Tapia lasartearra lan berri bat atontzen dabil, irailean Zakurraren Biolinak argitara emango duena. «Guztira 23 pieza, Bigarren Karlistaldian garaiko bertsoak kantu bihurtuta -liberalenak eta karlistenak txandaka-. Eta garaia girotzen banda txarangak lagunduko dio: tronpeta, tronboi, bonbo eta bonbardino», diosku mezuak. Eta jada erne ditugu belarriak. Aurrerapen gisa, «Karlistaren panparroikeriak» entzungai da www.josebatapia.com atarian eta zuzeneko hitzordua ere egina dago: Maiatzaren 28an Usurbilgo Sutegin, eta ekainaren 4an Larrabetzuko Literaturian. «Eta tira eta tunba».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo