GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Juan Mari Beldarrain Eguzkiko kidea

Oiartzun? Baietz atez atekoari, gogo betez

Usurbilek irekitako bide beretik abiatuta, Oiartzunek maiatzaren 23an ekingo dio etxeko zaborrak atez ate biltzeari. Usurbil eta Hernani aitzindariak dira, baina aurten bertan Gipuzkoako beste herri batzuk ere bide berbera urratzen hasiko direla espero dugu.

Orain arte, Oiartzunen, beste herri askotan bezala, birziklatzeko zaborra (beira, papera eta plastikoa) ohiko hiru zaborrontzien bidez bildu izan dira. Maiatzaren 23tik aurrera, baina, materia organikoa ere bilduko dute. Horrela, orain arteko birziklatze tasa %40, gutxienez, hobetuko dute .

Oiartzun, Usurbil eta Hernanirekin batera, Euskal Herrian gehien birziklatzen duen herria izango da.

Herri gisa, sendoa da Oiartzun, eta nortasun handikoa. Oiartzuarrek naturarekiko sentiberatasuna eta lurraren defentsan aritzeko prest ere badaudela behin baino gehiagotan erakutsi dute. Beraz, Eguzkikook ez dugu duda egiten: atez ateko zabor bilketan natural-natural eta, gainera, gogo betez parte hartuko dute. Arduraz jokatuko dute eta beste herrientzako eredu bihurtuko dira.

Normala den bezala, hasieran, sistema berria aldapa egingo zaie batzuei. Baina borondate onez eta eguneroko ahalegin txiki bati esker, berehala ohituko dira eta, trukean, pozik sentitzeko arrazoiak izango dituzte, zeren eta materialak arduragabe erabiltzeko eta botatzeko joera, «kolesterol ideologikoa» baino ez dena, alboratzen lagunduko baitute. Berandu baino lehen, eguneroko ahalegin txiki horrek zinez merezi duela ikusiko dute. Kontsumitzaile arduratsuak izanez eta zaborrak birziklatuz, errauskailua beharrezkoa ez dela ere agerian utziko dute; hau da, natura zaintzen eta gipuzkoarron osasuna babesten lagunduko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo