GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Lanak eta egunak

Urtebetetsu besterik ez du PSE-EEk Lakuako Gobernuan eta ezin esan denbora hori besoak uztarturik eman duenik. Gogotik egin du lan; esate baterako, kultura arloan... tira, edo hezkuntza arloan, Rodolfo Aresek prestatu eta Isabel Celaak aurkeztu duen «Bizikidetza Demokratikoa eta Indarkeriaren Deslegitimazioa» izeneko dokumentua lekuko, hauteskundeetako promesa izan gabe ere. Hitza betetzen duela ere ez dago zalantzarik. Horra krisiari aurre egiteko neurriak, edo defizita murrizteko lehendakariak atzo iragarri zituenak, ezin konta ahala lan orduren ondorio. Kasualitatez Madrilek iragarri dituenen berdinak dira, NDFk Madrili agindutakoen berdinak, alegia. Horrelako gauza bitxiak gertatzea ohikoa da, ordea. Eta zer esan ETAren, haren lagunen eta haren lagunen lagunen aurkako borrokaz? Bistan da emaitza. Lehen tortura edo presoen aurkako errepresioa salatzea doakoa zen eta orain auzipetu egiten dute halako salaketak egiten dituena; hartara, ez dago torturarik ez errepresiorik.

Baina beharbada Gobernu horren lan eskergaren erakusgarririk nabarmenena ospakizun egunak dira.

«Euskotarren aberria Euzkadi da», esan zuen baten batek. Txorakeriak. Hala ere, EAEko herritar guztien gobernua dela argi gera dadin, horra Euskadiren Eguna y olé.

Urte honetan ertzainek lan handia egin dute, herritarrekiko harremanak landuz batez ere; beraz, merezia dute eurei egun bat eskaintzea. Ertzaintzaren Eguna, bi potrorekin.

Eta laster oroimena galdu dutenentzako Memoriaren Egun ofizial bat ere ezarriko dute.

Zalantzarik gabe, Gobernu horrek lortutakoaren meriturik handiena Rodolfo Aresek berak du. Nori berea. Propagandan aditua dela erakutsi du, eta ez salatarien webgunearekin bakarrik. Hala ere, aitortu beharra dago, halaber, Espainiako Propaganda Ministerioan Rubalcaba maisua izateak lana erraztu diola. Nori berea. Joan den ostegunean eskaini zuen azken ikasgai magistrala. Ministroak esan zuenez, Baionan atxilotutako lagunek ez ziharduten arrosarioa errezatzen. Ez dakigu zertan ziharduten, ez dakigu Rubalcabak zertan ziharduten ote dakien, baina badakigu zertan ez, berak esan zigulako, eta nik neuk sinisten diot. Bera eta gainerako ministroak ere ez ziren arrosarioa errezatzeko bildu egun bereko arratsaldean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo