GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Funtzionarioak eta langileen zatiketa

Inposatu nahi duten zatiketaren gainetik, elkartasuna eta indar batasuna derrigorrezkoak dira, denok ulertu behar baitugu neoliberalen eraso guztiak, guztiak, gure kontrakoak direla

Duela aste batzuk, krisiaren une okerrena pasata zegoela aldarrikatu zuen Rodriguez Zapaterok. Aste honetan, bere Gobernuak azken hamarkadetako neurri atzerakoienak ezarri ditu, ongizatearen estatu delakoari izugarrizko kolpea eman diotelarik. Ekimena ez da nolanahikoa, defizit publikoaren aitzakiaz borroka urte gogorretan erdietsitako aurrerapenak bertan behera utzi nahi dituztelako, domestitutako espainiar sindikatuen laguntzaz, jakina.

Neurrien artean pentsioen izoztea dago, baina aipatuena funtzionarioen soldataren ingurukoa da. Neoliberalismoaren morroiek ederki dakite nondik lapurtu dirua, horixe baita beren eguneroko lan nagusia. Oraingoan, egungo egoeraren arduradunak diren eragile finantzarioei dirua barra-barra oparitu ondotik, gastu soziala mugatu behar dela diote. Nola? Ez da izanen, jakina, errepresio aparatuaren aurrekontuak gutxituz. Ezta urte oro Eliza katolikoari ematen zaion oparia ikutuz ere. Are gutxiago hainbat finantza operazioren inguruko zergak aldatuz. Langileen poltsikoetara begira jarri dira, eta dirua jende xumearen bizi baldintzak okertuz bilduko dute.

Asko hitz egin da Greziako egoeraz, baina jende gutxik daki, adibidez, hango armadoreek ez dutela zergarik ordaintzen. Ez digute esan, halaber, arazoaren arrazoi nagusien artean aberatsen iruzur fiskala eta politikarien ustelkeria daudela. Ez digute kontatzen, jakina, Grezia ez dela Europako estatu aurrerakoiena gastu sozialean, eta, beraz, hori ez dela krisialdiaren lehergailua izan.

Espainiar Estatua ere ez da aurreratuenetakoa. Zorra ez da handienetakoa, eta ez daude amildegiaren ertzean. Espainiar Estatuak ez du diru gehiegi gastatzen zerbitzu publikoetan, ez osasungintzan, ez irakaskuntzan ez pentsioetan, ezta gizarte-segurantzan ere. Arazoa ez dago hor.

Neoliberalismoak beti estatuaren alde soziala ahuldu nahi du, oraingoan zorraren eta krisialdiaren aitzakiaz. Ez dute arlo polizial-militarra ukituko, ez, baina herritarren beharrei erantzuteko inbertsioak murriztuko dituzte, horixe baita beren betiko egitasmoa. Zapalkuntza eta lapurreta formula berriak ezartzeko kointura egokia dutelako krisialdia.

Grezian, espainiar Estatuan bezala, funtzionarioen kontrako mezuak ugaldu dira. Haiek omen dira krisialdiaren arduradunak gehiegi kobratzen dutelako, ondare publikoa hondatzen ari direlako, lanik egiten ez dutelako. Aberats zitala, politikari ustel edo finantzari lapurraren ordez, funtzionario banpiroaren irudia zabaldu dute. Krisialdiaren benetako arrazoiak ezkutatu eta jendartearen haserrea funtzionario publikoen kontra bideratzea aspaldiko taktika da eta, tamalez, jende askok jan du amua.

Funtzio publikoaren kontra ari dira funtzionarioen soldatak murrizten. Publikoaren kontra, pribatuaren alde, jendartearen kontra. Horrela ulertu beharko genuke, erasoa ez baitoa langile batzuen kontra, jende gehienaren aurka baizik. Inposatu nahi duten zatiketaren gainetik, elkartasuna eta indar batasuna derrigorrezkoak dira, denok ulertu behar baitugu neoliberalen eraso guztiak, guztiak, gure kontrakoak direla, irudiz gutxi batzuk jotzen badituzte ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo