GARA > Idatzia > Euskal Herria

UEMAren Eguna ospatuko dute Mallabian, datorren ekainaren 12an

Manex ALTUNA |

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) Eguna aurkeztu zuten atzo eguerdian. Mallabian ospatuko da ekainaren 12an eta bertako alkate Aitor Loiola eta zinegotzi Oihana Garmendiak eman zuten egitarauaren berri, UEMAko lehendakari Jon Bollarrekin batera.

19 urte beteko ditu aurten UEMAk eta gogorarazi zutenez 18 udalerrik osatu zuten hasiera batean. Bollarrek nabarmendu zuenez, «euskaraz bizitzeko erabakia hartu zuten hasierako udalen hirukoitzak» osatzen du gaur egun UEMAren parte.

Izurtza izango da azkena sartzen. Hain zuzen ere, ekainaren 12an izango duten batzarrean onartuko dute. Durangaldeko herri honekin 61 bat izango dira UEMAko kideak. Indartu egin dela onartu arren, urte hauetan guztietan makina bat «jarrera oztopatzaileri» egin behar izan diotela aurre esan zuen Bollarek.

Azaldu zuenez, zenbait udalek, «erabaki politikoak» hartuta, UEMA «ahultzeko» irtetea erabaki dute. 2010ean Zeanuri eta Bermeo izan dira mankomunitatetik joan direnak. Bermeori dagokionez, ez dago baieztapen ofizialik eta prentsaren bidez jakin dute.

Hala ere, euskararen normalizazioan udalek duten garrantzia kontuan hartuta, aurrera egingo dutela adierazi zuen Bollarrek eta UEMAren Egunaren leloa «Ein eingou» (egin egingo dugu) jarri zuen horren adibidetzat.

Egitaraua ezagutarazi zuten agerraldian, eta eguerdian izango diren xiba-jokoak eta UEMAren sorrerari buruzko mahai-ingurua nabarmendu zituzten. Herri bazkaria, dantzaldiak eta umeentzako jokoak ere izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo