GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Garaikurrik preziatuena zain dauka Biarritzek

Adituen eta apustuen arabera, Tolosako Stade da gaurko finala irabazteko faborito nagusia, baina garbi dago denboraldi honen amaierara zuri-gorriak aurkariak baino sasoi hobean heltzen direla.

p038_f01_199X120.jpg

 
BIARITZ-ST. TOULOSAIN

Jon LEUNDA

Heldu da ordua, Biarritzek Heineken Kopa lehen aldiz irabazteko aukera izango du gaur arratsaldean Parisen, baina horretarako Stade Toulosain taldea menderatu beharko du. Okzitaniakoak dira garaipena lortzeko faboritoak, baina bai final-laurdenetan, bai finalerdietan euskaldunak ez ziren garaipena lortzeko faboritoak, eta bi partidak irabazi egin zituzten.

Lapurtarrak eta okzitaniarrak egoera oso ezberdinean heltzen dira partida garrantzitsu honetara. Biek ere ez dituzte bete Ligan jarritako helburuak, baina denboraldi amaierara zuri-gorriak hobeto heltzen dira.

Ligan kolpe handia hartu zuen Biarritzek azken fasean sartu gabe geratu baitzen, baina final hau prestatzeko hori ongi etorri zaio, izan ere horrela hiru aste izan baititu finalerako nahi bezala prestatu ahal izateko.

Tolosako Staderen helburuetako bat ere Liga irabaztea zen, eta kolpe handia jaso zuen pasa den asteburuan finaletik kanpo geratu ostean. Hori aldeko izango dutela uste dute Biarritz aldean, izan ere finala nahi bezala prestatzeko astirik ez baitute izan Tolosan, eta hori gutxi ez balitz bezala, finaletik kanpo geratu dira Ligan.

Horrek berak ere mesede egin liezaioke, ordea, Okzitaniko taldeari, izan ere jadanik lehiaketa bat irabazteko aukera besterik ez dute, eta hau ere lortuko ez balute hutsegite handia izango litzateke beraientzat, eta haserre bizian zelairatuko dira, denboraldia garaipen handi batekin amaitzeko asmoarekin.

Ezin da ezkutatu, Biarritzek ere garaipenik lortuko ez balu hutsegite dezentea izango litzatekeela. Liga txar bat egin ostean, hementxe dute aukera zaleei azkeneko urte hauetan eman ez dieten poza emateko, eta askorentzat finalera heltzeak bakarrik ez du balio izango.

Gainerantzean, Europako Kopa honetan tankerako bidea egin dute. Lehen faseko bi talderik onenak izan dira, eta azkeneko fasean ere ongi gailendu dira. Biarritzek Ospreys menderatu zuen final-laurdenetan, eta finalerdietan, berriz, Munster. Stadek, aldiz, final-laurdenetan Stade Français menderatu zuen 42-16 eta finalerdietan, berriz, Leinster 26-16 .

Harinordoki eta Traille

Harinordoki eta Traille izan dira lapurtarren kezka nagusiak astean zehar, baina zalantza horiek astean zehar garbi geratu dira. Harinordoki jokatzeko moduan baitago, baina Traille ez.

Harinordokik sudurra hautsita jokatu zuen Anoetako finalerdia, babes berezi batekin, baina Munsterren aurkako partida horretan saihets hezur bat hautsi zuen, eta entrenatu ezinik egon da, baina sendagileen baimena jaso du, eta gaur hamabostekoan egongo da. Traille, berriz, besoa hautsita dago, eta gaur jokatzeko moduan egongo ote zen zurrumurruak egon badira ere, ez du sendagileen baimenik jaso, eta harmailetatik ikusi beharko du partida.

Norgehiagokaren gakoei begiratzerakoan, denak ados jartzen dira, zigorrik gutxien egiten dituen taldeak irabazteko asko izango duela esaterakoan. Bi taldeek jaurtitzaile bikainak dituzte, eta zigorrik gehienetan baloia makiletara jaurtitzen saiatuko dira. Baina hori ez da nahikoa izango, uztartzetan eta eskasetan ere ongi ibili beharko dute, baloi gutxi galdu, hor egongo dira gakoak, baina bi taldeek hori ederki dakite, Liga berean ari diren ekipoak izan da, ederki ezagutzen dute elkar eta badakite zer egin behar duten. Ingalaterrako apustu etxeetan dirua Tolosaren alde dago, baina Biarritzek ere aukera aukera asko izango ditu.

 
Pantaila erraldoia egongo da herriko plaza nagusian

Parisera joan gabe biarriztar asko geratuko dira gaur, eta horiek leku berezia izango dute Kasino aurrean. Bertan pantaila erraldoia ezarriko du Herriko Etxeak, eta han jarraitu ahal izango dute neurketa, ezer ordaindu gabe, eta gero emaitzaren arabera, festak jarraituko du.

8.000 biarriztar inguru joango dira Pariseko finalera

8.000 jarraitzaile inguru abiatuko dira Euskal Herritik Parisera zuri-gorriak animatzeko asmoarekin. Hala ere, Frantziako hiriburuan euskaldun asko bizi dira eta haietako asko izango dira gaur talde zuri-gorriarekin garaipena ospatzeko asmoarekin joandakoak ere.

Irabazi edo galdu, ongietorria jasoko dute herrian

Gaur Parisen irabazi edo galdu, Biarritzeko jokalariek bihar ongi etorria jasoko dute herrian. 15.00etan helduko dira hegazkinez, eta autobus batean herriari itzulia eman ostean, 16.30etik aurrera Kasinoaren aurreko plazan festa erraldoia izango da, jokalariekin batera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo