GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Bost jardunaldi lan ona bukatzeko, Realak eta jarraitzaileek merezi duten mailara itzultzeko

Bost jardunaldi falta dira Bigarren Mailako futbol txapelketa bukatzeko. Bost partidak erabakiko dute, beraz, Reala Lehen Mailara itzultzen den; beharbada gutxiagok, mailako lehen postuan baitago talde txuri-urdina. Horrek ez du esan nahi erraza izango dela, baina orain artekoa ere ez da izan, eta hala ere, merezitako abantailatxoa lortu du. Bihar Sevillan ekingo dio azken txanpari, Lehen Mailara eraman beharko lukeen txanpari, alegia, Betisen aurka. Bai arlo ekonomikoan, bai kirol arloan ondo egindako lanak denboraldiari aurre egiteko gogoa eta jokoa dagoen postuari heltzeko modukoak izatea ahalbidetu dio. Hari heldu eta eustea. Eta orain lan hori bukatzea dagokio. Jokalariek urduritasuna -ulergarria- gainditu beharko dute, baina helburua hurbilago, oso hurbil, sumatzeak indar gehigarria emango die, eta inoiz hutsik egiten ez duten jarraitzaileek eman ohi dieten adorea biderkatu egingo da. Izan ere, taldeak Lehen Maila merezi du, eta hala erakutsi du, baina harekin batera, jarraitzaile txuri-urdinek ere bai. Poz ikaragarria izango da Gipuzkoa eta Euskal Herri osoko zaleentzat, eta realzale ez diren asko eta askorentzat ere bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo