GARA > Idatzia > Euskal Herria

Haurrek primeran pasatzeko aukera ugari izango dute Bergarako jaietan

Bergarako Mendekoste jaietan lehen egunetik azkenera arte haurrentzako ekitaldi sorta ederra dago egitarauan. Haur parkea, errekortadoreak, dantza lehiaketa eta zaldiak dira aipagarrienak, baina etxeko txikiak pozik ibiltzeko moduko beste hainbat jarduera ere antolatu dituzte herriko jaiek iraungo dituzten bost egunetarako. Azken eguna ere, Umeen Eguna izanik, ekintzaz beteta egongo da.

p023_f02_147x112.jpg

Nagore BELASTEGI |

Bergarako jaietan gazte eta helduei zuzenduriko ekitaldiez gain haurrei zuzendurikoak ere badaude. Alde batetik, adin guztietako herritarrei gustatzen zaizkien bigantxak izango dira gaur, bihar eta asteartean, zezen-plazan, goizeko bederatzietan. Bestalde, Trikidantz taldeak aukera emango die umeei beraiekin dantza egiteko, gaur gaueko erromeriaz gain, afaldu aurreko emanaldia ere egingo duelako.

Umeei zehazki zuzendutakoak diren jarduerak ere badaude. Hasteko gaur bertan, 10.00etan XXX. haur eta gazteen plastika sariketa egingo dute San Martin plazan. Lehiaketan jaiei buruzko marrazkiak egin beharko dituzte, eta margoak zein plastilina erabili ahal izango dute horretarako. Sariak emateko orduan hiru multzotan banatuko dituzte umeak: batetik, 7-9 urte bitartekoak; bestetik 9-11 bitartekoak, eta azkenik, 12-14koak.

Arratsaldean «bonba japoniarrak» botako dituzte San Martin plazan, 18.15ean. Hauek etxafuego modukoak dira, baina eztanda egitean jostailuak botatzen dituztenak.

Bihar, goizetik hasita ekintza pila bat egongo dira etxeko txikientzat. 10.30etik 14.00ra futbolina, ping-pong mahaia, minigolfa, bilarra eta skalextric-a erabili ahal izango dituzte San Martin plazan. Bitartean, Munibe plazan 11.00etan betiko jolasak izango dituzte. Gainera, 11.30ean «Zaldiekin lehen harremana» izango da zezen-plazan, 14.00ak arte. Bertan umeak zaldi gainean ibili ahal izango dira, animalia hauekiko beldurra pixkanaka kentzeko.

Iaz haur eta gaztetxo asko erakarri zituenez, aurten ere apar-festa egingo dute Munibe plazan, 17.00etan. Eta ordu erdi geroago, adin guztietako bergararrek gogoko izango duten ikuskizuna, XXXIII. Euskadiko Dantza Askatuko Txapelketa, hasiko da San Martin plazan. Bertan haur eta gazteak izango dira protagonista, 16 urte azpiko bikoteek parte hartuko baitute txapelketan.

Asteartean Umeen Eguna ospatuko da, eta barrakak merkeago izateaz gain, jolas-parkea egongo da Ipintza II.a institutuko jolastokian.

Goiz eta arratsaldez zabalik izango da, 11.00etatik 14.00etara eta 16.30etik 19.30era, eta hainbat jarduera izango dituzte haur txikiek zein gaztetxoek ondo pasatzeko: auto txikiak, zezen mugikorra, goming, puzgarriak, txalupatxoak... Haur-parkea ixtean, karaokea izango dute, 21:00ak arte, Arrasateko Txatxilipurdik antolatua.

Errekortadoreak

Mendekoste jaietan haurrek errekortadore lanetan ibili ahal izango dute. Alde batetik, gaur 18.30ean, errekortadore helduak atera baino lehenago, 16 urtetik beherako txapelketa izango da zezen-plazan. Bestetik, astelehenean eta asteartean errekortadore eskola ibiltaria arituko da zezen-plazan, zezentxoekin ausartzen direnei nola egiten den irakasten, 18.30ean. Horrez gain, Euskal Herriko errekortadoreen ikuskizuna egongo da bihar zezen-plazan ordu berean.

Sariak

Haur eta gazteen plastika lehiaketako sari banaketa San Martin plazan izango da biharko 13.30ean, Beart elkarteak sustaturik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo