Argentinako herri indigenak, 200 urteko ahanzturaren historia
Hastear den aste honetan, Argentina ospakizunetan murgilduko da herria independentziara eraman zuen iraultzaren berrehungarren urteurrena dela-eta. Ospakizunez gain, herri indigenek kalera atera zituzten aldarriak, 200 urteren buruan jasaten ari diren egoera salatzeko.Ruben PASCUAL
Milaka indigena argentinarrek mobilizazio bati amaiera eman zioten atzo Buenos Aireseko kaleetan, Efe agentziaren arabera, «kultura aniztasunean» oinarritutako Estatu bat aldarrikatu eta komunitate indigenek bizi duten «ahanztura» salatzeko, herrialdeari independentziaren ateak ireki zizkion iraultzaren berrehungarren urteurrenaren ospakizunaren karietara.
Zortzi egun atzerago hasi zen martxa hori, Hego Amerikako herrialde horren barnealdean, eta hiribururako bidean, hainbat komunitatetako kideez eta giza eskubideen defentsan ari diren taldekideez hornituz joan da, Buenos Aireseko hirigunea «ordaintza historiko» baten aldarriarekin kolapsatzera heldu ziren 1.500 lagunak biltzeraino.
Ur gabezia, elikadura urritasuna, gaixotasunen hedapena eta lursailen desjabetzeak nahaste arriskutsua osatzen dute egun jatorrizko herrientzat eta, manifestariek salatu zuten legez, ez da aldaketa handirik izan azken 200 urteotan.
«Gobernuek egindako bidegabekeria eta gehiegikeriak salatzera etorri gara, ez dituzte herri indigenen eskubideak aintzat hartzen, jendarteari sufritzen ari garenaren berri ematera etorri gara. Gure eskubideak errespetatuz libreki hazi eta garatzen utz diezagutela eskatzen dugu», esan zuen Flavio Manque maputxe buruzagiak.
«Duela 200 urtetik hona isilpeko genozidio bat pairatzen ari gara. Gure herriotako batez besteko adina ez da 60 urtera heltzen», deitoratu zuen Luis Baez mocovi herriko buruak.
2009ko martxoan, Argentinako Justizia Auzitegi Gorenak dei egin zion Exekutiboari jatorrizko herrien egoera konpon dezan, pairatzen duten muturreko pobreziak «heriotzak eragiten jarraitzen dutelako».
Populazio Gaietarako Nazio Batuen Funtsak (UNFPA) berriki ateratako dokumentu baten arabera, Argentinan 600.000 bat indigena bizi dira, gehienak «desabantailazko egoera sozialean», mediku arreta gabe eta eskolatu gabeen tasa altuekin, toba komunitateen kasuan, esate baterako, %86ra heltzen dena.
Argentinako Konstituzioak indigenei lurralde jabetza onartzen dien arren, desjabetze kasuak ugariak dira, Estatuak lur horiek saldu egin dituelako.
Egoera horri irteera emate aldera, Gobernuak legegai bat aurkeztu berri du indigenen lurren jabetza arautu eta ordainetarako urteko 215 milioi dolarreko funts bat sorteko, besteak beste.
Azken urteotan, indigenen egoerak txarrera egin du, nekazaritza inguruetan erabilitako herbizidek eragin dituzten tumore eta arnas aparatuko gaixotasunen ondorioz.