GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-zulatzea Euskal Herriko Liga

Txorierrik lehen saioko nagusitasuna berresteko aukera izango du Ortuellan

J.L.

Euskal Herriko harri-zulatzeko Ligako bigarren jardunaldia jokatuko da bihar 12.00etatik aurrera Ortuellako plazan, eta bertan arituko dira Euskal Herriko Liga honetan parte hartzen ari diren talde guztiak.

Gallarta, Trapagaran, Burdin Gazteak, Errekatxo, Txorierri, Kabiezes, Las Karreras eta KZ Kolpeka arituko dira bertan nor baino nor.

Lehen saioa pasa den astean jokatu zuten Zierbenan, eta Txorierrik erabateko nagusitasuna erakutsi zuen garaipena erdietsiz, baina hortik atzera lehia dezentea izan zuten, izan ere Burdin Gazteak, Trapagaran eta Kabiezes oso tarte txikian sartu baitziren.

Sega

Bestalde, Almitza elkarteak eman du ezagutzera nazioarteko eran antolatzen dituzten sega saioen egutegia. Hasteko, maiatzaren 29an jokatuko da taldekako txapelketa.

Bakarkakoak ere izango du bere protagonismoa, uztaileko bigarren hamabostaldian jokatuko baita Etxalekun buruz buruko neurketa.

Baina dudarik gabe aurtengo ekinaldirik erakargarrienetakoa abuztuaren 28an jokatuko da, seguruenik ere Hernanin, euskaldunen eta alemaniarren arteko desafioa izango da. Hemengo erara jokatuko da, eta Mitxelena eta Goenaga izango dira euskaldunak ordezkatuko dituzten segalariak. Alemaniarren izenik ez da oraindik eman ezagutzera, baina dudarik gabe norgehiagoka oso erakargarria izango da, eta zaleen erantzunak ere ez du hutsik egingo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo