GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira Lur Gaineko Euskal Herriko Txapelketa

Gaztedi, ezustea ematetik gertu

Laukizko taldea 680 kiloko sailkapeneko buru da, nahiz eta jardunaldi baten faltan puntu erdiko aldea bakarrik kentzen dion Goiherriri.

p046_f01_148X100.jpg

Jon LEUNDA

Emozioa gainezka egongo da bihar Fadurako errugbi zelaian jokatuko den Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketako 680 kiloko azkeneko jardunaldian. Izan ere, une honetan Gaztedi doa lehen postuan, eta puntu erdiko abantaila ateratzen dio Goiherriri.

Azken hauek ziren faborito txapela lortzeko. Azkeneko urte hauetan pisu guztietan erabateko nagusitasuna erakutsi dute, eta lehen jardunaldiaren ostean, bazirudien berriro ere beraiek lortu behar zutela txapela, baina pasa den astean Gaztedik aurre hartu zuen, eta garaipena erdietsi ostean sailkapeneko buru jarri zen.

Gaurkoa erabateko finala izango da, izan ere garaipena erdiesten duenak eramango baitu txapela, eta bi taldeak presio horrekin jokatu beharko dute. Gaztedik irabazten badu, Goiherrik azkeneko urte hauetan izan duen nagusitasuna bertan behera utziko du, eta geratzen diren beste hiru pisuetarako ere abisu bat izan daiteke.

Mutrikuren aukera

Mutrikuk ere izan dezake matematikoki aukera txikiren bat, baina gipuzkoarrek badakite txapela lortzea ezinezkoa dela, eta sailkapeneko hirugarren postua segurtatzera joango dira. Oraingoz puntu eta erdiko abantaila kentzen dio Aresori, eta badirudi horri eusteko modua izango dela, zaila izango baita mutrikuarrak azkeneko postuan ikustea. Aresoren egoera, berriz, nahiko lasaia da. Laugarren postuan daude, eta atzetik harrapatuko ez dutenez, badirudi finko dagoela laugarren postu horretan eta hor amaituko duela 680 kiloko saioa, nahiz eta bihar saiatuko den Gaztedi mendean hartzen

Beste borroka sailkapeneko azkeneko postuan egongo da, puntu baten barruan baitaude Goiherri B eta Getxo, baina ez dirudi bi horien artean alde handirik dagoenik. Lehen jardunaldian Getxok aurre hartu zion Goiherriko bigarren taldeari, eta pasa den astean, berriz, berdindu egin zuten beste talde guztiekin galdu egin ostean, eta beren artean berdindu egin zuten. Gaurkorako ere lehiarik handiena hortxe egongo da, lehen postua ahaztu gabe, txapela lortzeko borroka handia izan baitaiteke.

Bihar 680 kilokoaren amaiera izango da, baina denboraldia hasi besterik ez da egin, izan ere datorren astetik aitzinera 640 kilokoan txapelketa jokatuko da, eta horrek ere hiru asteko iraupena izango du. Maiatzaren 29an Areson jokatuko da lehenengo jardunaldia, ekainaren 12an Martiartun jokatuko da saioa, ekainaren 5 eta 6ko asteburuan ez baita saiorik izango, eta ekainaren 20an jokatuko da azkeneko ekinaldia Aian. Hori amaitutakoan, 600 kiloko saioa hasiko da.

dena ongi

Bihar eguerdian Getxon jokatuko den azkeneko jardunaldian bai Gaztedik, bai Goiherrik irabazi egin beharra daukate txapela lortzeko, eta huts bakar bat egiteko tarterik ere ez dute izango.

Asteartera bitarte uztarririk onenak neurtuko dira Urdulizen

Egungo uztarririk onenetakoak neurtuko dira Urdulizko probalekuan asteartera bitartean. Bart abiatu ziren saioak, eta orain egunero, igandean izan ezik, saioak izango dira bertan.

Gaur, 21.00etan hasita Patxi Illarretaren, Mendiperen, San Pelaioren eta Birleko Nardisen uztarriak arituko dira.

Biharkoa atseden eguna izango dute, baina etzi iluntzean izango du segida, 21.00etari aurrera, Rafa Illarretaren, Tio Motxoren, Bilbaoren eta Erauskinen uztarrien arteko demarekin.

Asteartea izango da azken eguna, eta hor ere saioak 21.00etatik aurrera jokatuko dira, eta Biorena Barriren, Construcciones Iñaki Ugarteren, Laskiren eta Telleriaren uztarriak arituko dira aurreko egunetako markak ontzeko asmoarekin. Garaileak 1.250 euroko saria eskuratuko du. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo