Amuriza: «Euskara batuak beste kriterioetara joan behar du»
«Osoa, lehiakorra, nazionala euskara batuaren bigarren jaiotza» Lanku argitaletxeak kaleratu duen saiakeran euskara batuaren irizpide aldaketaren beharra defendatzen du. Izan ere, euskara hizkuntza lehiakorra bihurtzeko premia ikusten du bertsolari eta idazleak.
Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA
Xabier Amuriza bertsolari beterano eta idazleak euskarari anttzeman dizkion hainbat hutsune eta premia jaso ditu bere saiakera berrian. Bertan, «soluzio txikiak» eskaintzen ditu euskararekin eguneroko lanean dabiltzan ororentzat.
Bere bizitzan zehar gure hizkuntzarekin hainbat arazo izan ondoren, hausnarketa ugari egin eta saiakera hau argitaratu du bertan hainbat behar bilduz.
«Hizkuntzaren egitura nagusietako bat erlatiboa da. Sorkuntza literarioan funtsezkoena» zioen Amurizak, eta «euskaraz oraindik erlatiboaren zati handi bat airean daukagu, itzulinguru arbitrarioz eta, sarritan, okertzailez baliatzen garela». Adibide gisa erlatibo murrizgarria aipatu zuen, euskal gramatikaren barruan ez baitu tokirik.
Liburua hiru zati handitan banatzen da; batean erlatiboaren kasu zabal eta anitza jasotzen du eta «soluzio osoa eskaintzen da». Hurrengo zatiak, «arazo sintaktiko larri batzuk» jasotzen ditu, hala nola aposizioen komunztadura, perpausen ordena eta abar. Aditzari atal berezia egin dio Amurizak: «Aditzaren fantasia heroikoa». Bertan soluzioak baino, planteamendu bat azaltzen du; izan ere, «aditzaren kasuan, arazoaren alderik larriena da oso soluzio zaila daukala. Niretzat, oraingoz, ezinezkoa». Horren harira, gure aditz trinkoen inguruko beharrak azaldu zituen. Beraren ustez, «aditz trinkoak errekuperatu egin behar dira eta bide hartarantz egin behar dugu», eta gero eta aditz trinko gutxiago gelditzen zaizkigula nabarmendu zuen. Horren inguruan, itzultzaile eta bikoizketariek sarri izaten dituzten arazoak deskribatu zituen egileak; filmetako elkarrizketetan hainbat arazo izaten baitituzte aditz trinkoen faltagatik. Horiek horrela, bere lanetan aditz trinkoen defentsa sutsua egiten du «hizkuntza konpetitiboa» nahi baitu.
Azken zatia lexikoari buruzkoa da. «Lexikoan oraindik nabarmenegi dabilen kaosaren deskribapena» egiten du egileak. Izan ere, bere ustez, hiztegiek daramaten bidea ez da egokia. Beste hizkuntza batzuetatik hautaketa eginez, hitz batzuk onartzen dira besteak bazterrean uzten diren bitartean. «Beste hizkuntzekin konpartituak ditugun hitz gehiago behar ditugu». Egilearen ustez, euskara ezingo da gainerako hizkuntzekin lehiatu ez badie besteen irizpide berdinei jarraitzen; «euskara batuak beste kriterio batzuetara joan behar du». Gauzak erraz esateko tresna bat nahi duela defendatu zuen, «mila buruhauste eduki gabe».