GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Ekokrisiaren hipokrisia

Munduko krisi guztiak, bildu zaitezte! Krisiek, ekonomikoak direnek sikiera, badute gauza on bat, gehiago ere seguruenik, oso ona gainera, ekonomiaren errai ustelak agerian uzten dituztela, betokerrek eurek ere argi ikusteko moduan agerian utzi ere; jakina, betokerrak ez diren asko total itsuak dira, motzean ondo ikusi arren. Baietz ba, ekonomiak erraiak ditu! Zer uste, bada, autobideek baino ez dituztela erraiak ala? Bada ez, ekonomiak ere, eta hauenak bezala, harenak ere bidesarizkoak dira. Tira, krisiek ekonomiaren kloaken hatsa airean uzten dute, kloaketatik kanpoko airean, bai, burtsan aktiboak izanda ere sudur pasiboak dauzkatenek sudurrak aspertu arte usaintzeko moduan airean utzi. Harira! Gora krisia! Behera hipokrisia! Horra hor krisiak ekarri berri duen azkena, ofizialean estrategikoa zena ez da berriro estrategikoa izango, krisia krisi. Bestera esanda, orain arte benetan estrategikoa izan dena estrategiko hitza bera izan da, izenondoko bezala erabilia beti ere, eta ez horren ondoko hitza. Hortaz, azken garaiko azpiegiturak ez dira estrategikoak izan; azpiegiturak baino ez dira izan, abiapuntuan eta helburuan. Edo gainegiturak, hain da aseezina batzuen zementuzko apeta! Aspaldian pasatu ziren azpiegiturok garraioaren gaitzen botika izatetik garraioa bera gaitz bihurtzeko helbide izatera. Horra, kasuko, Pasaiako eko-portua izan behar zuen horrena. Lehen bere handian izan behar zuen estrategikoa, herrialde osoa balizko miseria ekonomikotik behingoz ateratzeko ezinbestekoa eta ordezkaezina. Orain horren estrategikoa uzkurtu egin da egunetik gauera, diseinuan erdira pasarazita; kontuak atera zenbat gehiago ez ote den kizkurtuko portua uretan sartuko balute! Zera esango digute estrategok euren apeta estrukturala ezkutatu eta gu konbentzitu nahian: oraingo kargaontziak erdira jaitsi direla tamainaz, kontainer berriei nano-teknologia aplikatu zaienez geroztik. Ene, ene! Egunotan abiadura handiko trena izan behar duen zer estrategiko horretako bide-zubi batzuk ikusi ditut, burdina-hezur hutsetan ikusi ere, langileen haragirik gabeko burdina-hezurretan. Bere abiadura handian geldi, krisia krisi. Gora krisia! Behera hipokrisia! Baina kontuz, poeta andaluziarrak zioenez, gaixo egotea baino okerragoa da sendagile txarra izatea. Eta sendagileok azpiegituren burbuilara bueltatzea amesten segituko dute krisia bere aldera gainditu bitartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo