GARA > Idatzia > Mundua

Bioaniztasunaren Nazioarteko Egunean, ospatzekorik ez

Bioaniztasunaren Nazioarteko Urte izendatu zuten 2010a, eta Bioaniztasunaren Nazioarteko Eguna atzokoa, baina azkenaldiko albiste eta estatistikek diotenaren arabera ospatzekorik ez dago ezer: berez beharko lukeena baino ehun aldiz azkarrago desagertzen ari dira espezieak.

Ruben PASCUAL

Dena doa behar baino azkarrago, eta okerreko norabidetik: nazioarteko itunak gorabehera, bioaniztasuna gainbehera doa, inoizko erritmorik bizienean.

Atzo Bioaniztasunaren Nazioarteko Eguna izan zen, Bioaniztasunaren Nazioarteko Urtearen barruan, baina jada ez dago ezer ospatzeko, galerak irabaziak baino askoz handiagoak baitira.

«Tamalez, aniztasun biologikoa hondoa jotzen ari dela adierazten dute estatistikek», deitoratu zuen Nazio Batuen Erakundeak (NBE), atzoko egunaren karietara argitaratutako txosten baten bidez.

Dokumentu honek NBEk berak maiatzaren 10ean kaleratutako beste txosten bat laburbiltzen du, konponezina litzatekeen kaltearen arriskuaz mintzo dela. Zientzialari batzuen arabera, Lurraren historian espezieen seigarren desagerpenik handiena izan liteke garaiotakoa, baina eragina nabaria da jadanik, eta horren ondorioetarako bat da hainbat giza talderi bizirauteko ezinbestekoak dituzten baliabideetara iristea eragozten diela.

Esate baterako, Pavan Sukhdev ekonomialari indiarraren hitzei jarraituz, 1,6 milioi lagunek zura eta basoko produktuak bizitzeko ezinbestekoak dituzte, baina 13 milioi hektarea baso desagertzen dira urtero; mila milioi lagunen elikaduran ezinbesteko jakia da arraina, baina 40 urtean desagertu egingo da, arrantzan sakoneko berregituraketa egiten ez bada.

«Are okerrago»

Pariseko Naturaren Historia Museoko zuzendari Gilles Boeufen iritziz, are okerragoa izan liteke, ez garelako jabetzen zer den galtzen ari garena: «Baliteke atzo desagertutako espezie batek (...) tumoreen aurkako aktiboren bat izatea. Eta hori galdua dago jada».

«Ikusten ari gara espezieen galeraren erritmoa (...) desagertzeak berezko lukeen abiadura baino 100 aldiz azkarragoa dela», ohartarazi zuen, arduraturik, Nazio Batuen Erakundeak, iragarritako hondamendi horren eragile nagusitzat habitat naturalen suntsipena joz.

2002an, mundu osoko gobernuek 2010erako helburuak jarri zituzten -handinahikoak baina alferrekoak-, biodibertsitatearen «galera nabarmenari aurre egiteko». Agintariek beren helburu horiek ez dituztela inondik inora betetzen salatu zuen Bioaniztasunari buruzko Biltzarraren buru Ahmed Djoghlafek.

«Jarrera aldatzeko garaia da: oraingo egoera jada ez da onargarria», azaldu zuen datorren irailean gobernu eta estatu buruek New Yorken egingo duten biltzarrean -NBEren Batzar Nagusitik aparte- esperantza jarriz.

IRAILA

Datorren irailean mundu osoko agintariek bat egingo dute New Yorken, biodibertsitatearen galera azkarra moteltzeko zer egin daitekeen aztertzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo