GARA > Idatzia > Kultura

Txomin Peillenek Manuel Lekuona Saria jaso du kulturaren alde egindako lan oparoagatik

Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona Saria eman zion atzo Txomin Peilleni, «oro har kulturaren alde, eta bereziki euskal kulturaren alde» egin duen lana dela-eta esker ona adierazteko.

GARA | BAIONA

«Nola definitu Txomin Peillen? Zergatik definitu?», galdetu zuen Jean-Louis Davant idazleak Eusko Ikaskuntzak kulturaren langile porrokatua saritzeko egin zuen ekitaldian. «Txominek eskua idazlan mota guztietan sartzen du, denetan asko baitaki. Gogoa beti alhan ari zaio, erraztasun handia du ororen irensteko eta beretzeko, halaber adierazteko, bai lumaz, bai mingainez eta mihiz. Ikerlari dohaina du, ezin asea; irakasle sena ere bai eta hori zuen ofizioa, bai Paris aldean, bai Baionako Fakultatean. Idazteko irrika eta tirria du halaber, eta komunikatzaile trebea da...», hasi zen sarituaren profila marrazten.

Bi hitzetan laburbildu zuen Parisen jaio, hazi eta hezitako zuberotarraren curriculuma: «Ikerlari zorrotz eta nasaia da batetik, idazle zinez emankor eta polifazetikoa bestetik». Eleberriengatik literatur sari ugari jaso du, olerkian liburu andana kaleratu du, saioan are gehiago, eta hainbat aldizkaritan idatzi du. Davantek ohartarazi zuenez, Manuel Lekuona Sari famatua ez da, beraz, ustekabean etorri.

Peillenek esker oneko solasak baizik ez zituen izan Baionako Herriko Etxean egindako agerraldian. Euskaltzain emerituak sariak Manuel Lakuona ere ohoratzen duela nabarmendu zuen, eta orain 22 urte zendutako oiartzuar euskaltzale handia Eusko Ikaskuntzaren sortzaileetakoa eta Euskaltzaindiko buruzagia izan zela ekarri zuen gogora.

Ama, Xüberoako askaziak...

Berari dagokion sariaren partera etorriz, euskaldun eta euskal idazle egin zutenak omendu zituen bere zorrak aitortuz. «Euskaldun egin ninduten amak eta Xüberoako askaziek lehenik; gero, Andima Ibinagabeitia elantxobetarrak eta Gotzon Egaña donostiarrak Gipuzkoako euskaraz mintzatzen eta idazten irakatsi zidaten. Parisen bizi eta ez zitzaidan aisa izan euskararen begiratzea, eta ikastea ere, batzuk erraten baitzidaten `zentako denbora galtzen dük aphez mintzaje horren ikasten'. Ez nuen batere apezteko gogorik, haurtzaroan, txipian, labe ondo batetan ogiegile izan nahi nintzelako ordukoz hozpera nintzelako».

Bertze hamaika izen ere aipatu zituen: Luis Mitxelena, Jon Mirande, Gabriel Aresti, Lucien Etxezaharreta, Manex Pagola, Jokin Apalategi, Andres Urrutia, Sabin Oregi...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo