GARA > Idatzia > Euskal Herria

Martinen aurkako auzia «aurrekari arriskutsua» izan daitekeela esan dute

AB, Batasuna, EA, Angeluko NPA, Askatasuna, Segi, Anai Artea, CDDHPB, LAB, Sud eta ELBko ordezkariek Aurore Martinen auzia salatu zuten atzo. Batasuneko mahaikidearen aurkako euroagindua onartuko balitz, «aurrekari ikaragarria» litzatekeela nabarmendu zuten.
p019_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Aurore Martin joan den asteazkenean atxilotu zuten jendarmeek Jean-Luc del Camporekin batera. Bien ala bien kontra auzi-prozedura abiarazi dute DNA laginak hartzeari uko egin ziotelako. Alta, aste batzuk barru izango duten epaiketaren aferaz gain, «2005 eta 2008 bitartean erakunde terrorista batean parte hartzea» leporatuz, Garzon epaileak 2009 uztailaren 14an egindako euroagindu eskaera jakinarazi zioten Aurore Martini. Eskaera datorren asteartean aztertuko du Paueko epaitegiak.

Hori izan zen, hain zuzen ere, eragile politiko, sozial eta sindikalen agerraldiaren arrazoi nagusia. Madrilgo auzitegi bereziaren eskaerari epaitegi frantsesak men egiteak «arrisku handia» suposatzen duela adierazi zuen Muriel Lucantisek: «Aurore Espainiaratzeko eskaera oso arriskutsua da eta ez berarentzat bakarrik. Epaitegiak ontzat emango balu, neurri hori beste hainbat militanteri hedatzeko aukera handia baitago».

Ez hori bakarrik. Estatu frantsesak oraingoz ireki ez duen ate hori zabalduko balu, mugimendu politiko edo sozialak «zeharka ilegalizatzeko» urratsa izango litzatekeela esan zuen Askatasuneko kideak.

Xabi Larralde Batasuneko bozeramaileak Hego Euskal Herrian hainbat erakunde legez kanporatzeko irekitako ildoan kokatu zuen euroagindu-eskaera: «Lehen 18/98, Segi, Askatasuna, `Egunkaria'ko kideei edo laster Udalbiltza edo Batasuneko militanteei bezala, delitu politikoak egozten dizkiete, hau da, bilkurak, prentsaurrekoak egitea edo manifestazioak antolatzea».

Indar abertzaleko Ipar Euskal Herriko lau kide, bera tartean, inkulpaturik daudela gogoratuta, «gutxieneko eskubide demokratikoen ageriko urraketa» salatu zuen, berriro ere.

Larralderen esanetan, «une politiko honetan» prozedura hauek bi helburu dituzte. Batetik, «proiektu abertzalea neutralizatzea» eta, bestetik, «militantzia beldurtzea». «Eraso hauek, ezker abertzalearen lanaren eraginaren seinale dira» esan zuen, lanean jarraitzeko euren «konbentzimendua eta determinazioa areagotu» besterik ez dutela egiten gaineratuz.

Anai Arteako Mixel Mendibourek, berriz, 2004an Segiko hiru kideen kasuan bezala, euroagindua zer den hedatu eta hautetsi, herriko-etxe eta eragileak «aktibatzeko» premia azaldu zuen: «Ezin dugu urrats hori egiten utzi, Espainiak hemengo militanteak epaitzeko bidea zabalduko bailitzateke».

CDDHPB giza-eskubideen aldeko batzordeko Annie Arroyo ere bat zetorren prozeduraren «arriskuaz» ohartaraztean. Martini leporatzen diotenaren «anbiguotasuna» ikusita, aurrekari horrek Hego Euskal Herrian manifestazio batean parte hartze hutsa delitutzat jotzeko bide ematen duela esan zuen. «Ez dugu onartuko hemengoa Justizia espainolaren eranskin bat bihurtzea, ezta Polizia espainolaren esperimentazio eremua bihurtzea ere», gaineratu zuen, afera oso gertutik jarraituko dutela argituta.

2001z geroztik «terrorismoaren aurkako jardueraren aitzakian» Europar Batasunean hartutako neurriak salatu zituen NPAk, eta «askatasun publikoak eta banakakoak berrezartzeko» exijitu zuen.

interpelazioak

Hautetsi, eragile eta alderdiak «banan-banan» interpelatuko dituzte. «Ez dugu isilik geratzea onartuko», esan zuten.

asteartean, pauera

Datorren asteartean, goizeko hamarretan, euroagindua aztertuko delarik, Paueko epaitegi aitzinean mobilizatzeko deia egin zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo