Intermodalaren aurka agertu dira herritarrak
Hirurehun bat gasteiztar kalera atera ziren atzo Gasteizko Udalak EAJren laguntzarekin «inposatu» nahi duen geltoki intermodalaren aurkako protesta egitera. «Benetako parte-hartzea» bideratzen eta Arriaga parkea kaltetzen ez duten alternatibak aztertzeko eskatu zuten.Zuriñe ETXEBERRIA |
«Inposatutako geltoki intermodalik ez, parte-hartzearen alde» lema zuen pankartaren atzetik 300 bat herritar kalera irten ziren atzo arratsaldean, Gasteizko Arriaga parkearen defentsan.
Arratsaldeko zazpiak jota, manifestazioa Frantzia kalean sartu eta Udalak inposatu nahi duen geltoki intermodalaren aurkako oihuek kaleari bestelako kolorea eman zioten. Mobilizaziora gerturatu ziren alderdi politikoen artean ere kolore aniztasuna izan zen nagusi, EAJ eta PSEren ordezkaririk egon ez bazen ere.
Hala nola, EAtik, Antxon Belakortu; PPtik, Javier Maroto; EBtik, Jose Navas; Aralarretik, Iñaki Aldekoa; ezker abertzaletik, Aitor Bezares biltzarkidea edota G11 plataformako bozeramaile den Ibon San Saturnino egon ziren. 37 elkartek osatzen duten SOS Arriaga Parkea plataformak deitutako manifestazioan ere, Alternatiba eta LAB eta ELA sindikatuek hartu zuten parte.
«Errespetu falta»
Gasteizko erdialdeko kaleak zeharkatu eta gero, Andre Maria Zuriaren plazara heldu zen herritarrek hiriko proiektu estrategikoen gaineko erabakietan parte hartu ahal izatea aldarrikatu zuen mobilizazioa.
Bozgorailua eskuan hartuta, SOS Arriaga Parkea plataformako eta Zazpigarren Alabako bozeramaileek, Angel Lamelasek eta Gillermo Pereak, hurrenez hurren, komunikatua irakurtzeari ekin zioten.
Geltoki intermodalaren eta trenbidea lurperatzeko proiektuaren harira, Udalak herritarrekiko erakusten duen «errespetu falta» salatzeko garaia iritsi dela gogorarazi zuen Angel Lamelasek. Proiektu estrategiko honetan «herritarron parte-hartzea ukatzearekin batera, Udalaren errespetu falta agerian geratu dela» azaldu zuten.
Arriaga parkean kokatu nahi duten geltokiaren gaineko herri kontsulta EAJk eta PSEk atzera bota zutela, intermodalaren kontra 9.200 sinadura bildu eta 440 alegazio aurkeztu direla gogoratu ondoren, herritarrari proiektuan parte hartzea ukatu egin zaiola salatu zuten.
«Ez digute bozkatzeko edota aukeratzeko aukerarik eman», baina datorren urtean, horren ondorioa udal hauteskundeetan islatuko dela baieztatu zuen SOS Arriaga plataformako bozeramaileak.
Herritarren «benetako parte hartzea» bideratzea, aurkeztu diren alternatibak aztertzea eta Arriaga parkeak batere kalterik jasan ez dezan bermatzea, horiek izan ziren atzo egindako eskakizunak. Datozen egunotan, Udalak behin betiko proiektua sina dezakeela-eta, egin litezkeen mobilizazio deiei erantzuteko adi egoteko eskatu zien herritarrei Gillermo Pereak.