GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

EIBAR Mailaz igotzeko kanporaketak

Pozaren bideari eusteko ezinbesteko urratsa

Joaneko partidaren seriotasuna mantendu eta Ipuruaren indarra golak sartzeko aprobetxatu behar du Eibarrek bigarren kanporaketarako sailkapena lortzeko.

p047_f02_97x104.jpg

Amaia U. LASAGABASTER

Korrika egitea derrigorrezkoa da baina saltoak debekatuta daude. Bigarren A mailan amaitzen den bidea sei urratsez osatuta dago eta denak dira ezinbestekoak. Hurrengoa ematea ezinezkoa izango da, gaurkoarekin asmatzen ez bada.

Horretan dabil Eibar. Konfiantzaz, Alcoyen erakutsitako sendotasunari esker -eta berak eskainitako 0-0eko emaitzari esker ere-; baina nolabaiteko kezkaz ere bai, emaitza bera dela-eta. Armaginek garaipena behar dute nahitaez eta, bere entrenatzaileak onartu duen bezala, hori ziurtatzeko gol bat baino gehiago egitea ia ezinbestekoa izango da.

«El Collaotik bizirik irtetea zen gure asmoa -azaldu zuen Javier Mandiolak- eta lortu genuen. Sendo aritu ginen, indartsu, serio eta atea hutsean mantendu genuen. Baina Ipuruan gure apustua ofentsiboagoa izango da. Baloia hartuko dugu, arriskuak hartu behar izango ditugu, ezin dugu espekulatu, partida nahitaez irabazi behar dugu. Eta larritasunik gabe irabazteko, gutxienez bi gol sartu beharko ditugu, aurkariari beti eman behar zaiolako gol bat, txanbaz sartuta bada ere». Hau da, «joaneko partidan galdu izan balu bezala» zelairatuko da Eibar.

Inolako beldurrik ez dute, hala ere, gipuzkoarrek. Manixek argi dauka bere taldearen aldeko apustua egingo lukeela: «Faborito gara hobeak garelako eta Ipuruan jokatzen dugulako», esan zuen.

Zaleek zelaia ez dutela beteko dirudi, ordea. Direktibak harmailak girotzeko ekimena plazaratu du, baina 400 inguru bazkidek besterik ez dute laguna eramateko sarrera erosi. Giro polita egongo da, hala ere, egun osoan, Eibarko kaleetan, baita zelaian bertan ere. Zaleen oihu eta txaloez gain, «Oh happy day» saioan parte hartu duen Eibarko Koru Gazteak bere harri-koskorra ekarriko du, atsedenaldian emanaldia eskainiz.

Benetako protagonistak, hala ere, beste batzuk izango dira. Aldaketekin Eibarren kasuan, joaneko partida etxetik jarraitu behar izan zuen Lluis Codinak hasierako hamaikakoan egoteko aukera handiak omen ditu-eta. Baliteke berarekin batera Jon Altuna ere aritzea. Hein horretan, kaltetuak Manu Garcia eta Javi Ros izango lirateke.

Zalantza gehiago dago eskuin hegalari dagokionez, Gorka Kijerak lesionatuta jarraitzen duenez, Josu Etxaniz eta Rosen artean aukeratu beharko baitu Mandiolak.

EIBAR - ALCOYANO
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo