GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Patxi Ruiz izango da laugarren finalista

Ausart jokatzeak ez du beti hilerrirako bidean jartzen

Lizarrako pilotariak ongi itxaron zuen bere aukera, eta modu bikainean eman zion buelta partidari.

p053_f02_148x104.jpg

PATXI RUIZ 22

RETEGI BI 14

Koldo AKORDARREMENTERIA

Hilerriak ausartez beteta daudela dioen esaera ahuspez jarri zuen atzokoan Patxi Ruizek. Atzelari nafarrak erakustaldia eman zuen, eta pazientzia bertute bihurtu ostean, neurketari buelta eman eta final-erdietarako txartel distiratsua lortu zuen Julen Retegiren aurka.

Gogor ekin zion demari Aspeko aurrelari gazteak. Berak eraman zuen partidaren lema lehendabiziko minutuetan, eta arazo handirik gabe sartu zion lehen partziala Patxi Ruizi. 4-9ko emaitzak apustulariak ere isilarazi egin zituen, baina azken hitza esan gabe zeukan Lizarrako pilotariak.

Bere aukeraren zain egon zen Ruiz. Retegik pentsa zezakeenaren aurka, Lizarrakoak aurreko koadroetan jarri zuen bere gudalekua. Bere ohiko kolpea atera zuen berriro, eta hiruzpalau pilota erreboteko zuloan sartu zizkion Iruñekoari partidaren kolorea guztiz aldatzeko.

Eskuko arazoak zirela medio, Julen Retegik ere nabarmen egin zuen behera, eta aldeak handituz zihoazen heinean, Patxi Ruizen egoera animikoak aparraren abiaduran egin zuen gora. Asegarcekoak konfiantza osoz jokatu zituen azken tantoak, eta horren erakusle izan ziren Retegiri sartu zizkion bost sakeak.

Zinez pozik agertu zen Lizarrako pilotaria: «Niretzako hau nahikoa da, nahiz eta final-erdietan Irujoren aurka ere irabazten saiatuko naizen», adierazi zuen Asegarceko atzelariak.

XALA-ARRETXE II

Gaur jokatuko da Buruz Buruko final-laurdenetako azken partida (18.15, ETB) Xala eta Arretxe II.aren artean. Dena den, ezer gutxi izango da jokoan, Xala matematikoki baita taldeko lehen postuan da eta Arretxek ez daukalako aukerarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo