GARA > Idatzia > Kultura

Giza tamaina eta kalitate handia dituen antzerki jaialdia Maulen

Idoia ERASO | MAULE

Mai en Scène jaialdia ospatuko da Maulen maiatzaren 27 eta 30 artean. Herriko Etxea eta Tokia antzerki taldearen arteko lanak giza tamaina baina kalitate handia duen jaialdia du emaitza. Zortzigarren edizio honetan antzerkiko eta karrikako arteetako profesionalen eta amateurren arteko lotura sustatu nahi da, baita artisten eta biztanleen artekoa ere. Horren ondorioz, eta muga ekonomikoei aurre egin ahal izateko, Maulera hurbilduko diren artistak biztanleen etxeetan pasatuko dituzte gauak eta denak elkarrekin eginen dituzte apairuak hiriko elkarteek egin lanari esker.

«Euskal Herri barnealdera aparteko kultur aniztasuna ekarri nahi izan dugu, horrela gure herrian hiri handietan ikusi ahal izan diren programazioa eskainiko da, baina giza tamainan», adierazi du Beatrice Lahargoue Mauleko kultura zinegotziak.

Amateurrek egiten duten lana goraipatu nahi du Herriko Etxeak, aldi berean profesional eta amateurren arteko trukea sustatuz. Gauzak horrela, bereziki ikasleek eskoletan egin lana baloratuko du jaialdiak. Hartara, jaialdiaren lehen bi egunetan eskoletako ikasleek eta antzerkigintzako profesionalen arteko lana izanen da protagonista.

Artearen alderdi ezberdinak jorratu dituzte ikasleek eskoletan. Besteak beste, euskal mitologian agertzen den herensugearen irudikapena egin dute arte plastikoak landu dituzten beste eskola bateko gaztetxoek. Jaialdiaren barruan herensugea ikusteko parada eskainiko dute, eszenatokia janzteaz gain. Sorkuntza horretan Gonzalo Etxeberriaren laguntza jaso dute ikasleek.

Zuberotar sorkuntza berezia

Jaialdiaren irekiera ofiziala ostiral arratsean eginen da Maule gaineko plazan. Zirkua izanen da irekierari besta giroa emanen diona. Gero larunbatean eta igandean hainbat ikusgarri eskainiko dira, familia girokoak nagusi izanen direlarik.

Larunbat goiza merkatu plazan eginen diren ekimen anitzekin jantzia izanen da. Musika, tailerrak eta irakurketa txokoa ere atzematen ahalko dira. Gero herri bazkaria eginen da. Berezia izanen da, parte hartzaileek merkatuan erositako edo etxetik ekarritako janariak partekatzera gonbidatuak izanen dira-eta.

Larunbat gauean zuberotarrek jaialdirako bereziki egin ikusgarria izanen da protagonista. «Herensüge»artista zuberotarren elkarlanaren emaitza izan da, Herensugeren kondairan oinarrituta antzerki adierazpenak bideoarekin eta pianoarekin eginen du bat.

Igande arratsaldea bereziki familiei eskainia izanen da. Merkatuko plazan zirku eta makillaje tailerrak izanen dira, txotxongiloen eta txikienentzako obrek lagunduta. Jaialdia Humani konpainiak Txekhoven «La Noce» lanaren egokitzapen batekin bukatuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo