GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Gerra Hotzaren azken atala Koreako penintsulan

Azken egunotan, Seulek Piongiangi Hego Koreako Itsas Armadako «Cheonan» ontzia hondoratzea egotzi zionez geroztik, gora egin du bi Koreen arteko tentsioak. Seulek merkataritza harremanak etetea eta kasua NBEko Segurtasun Kontseilura eramatea erabaki zuen orduan, eta AEBen sostengua jaso zuen berehala. Txinak, Ipar Korearen aliatuak, ordea, zuhurtzia eskatu zien denei. Atzo, berriz, Piongiangek ontzia hondoratu izana ukatu eta Hego Korearekiko harreman guztiak etetea erabaki zuen, baita neurri militarrak har litzakeela iragarri ere. AEBek berriro agertu zioten bere erabateko sostengua Seuli, Txinak elkarrizketa aldarrikatu zuen eta Errusiak ere antzeko erantzuna eman zuen krisi horren aurrean. Bi Koreen arteko tentsioa, hartara, aspaldi handiko handiena da, Koreako penintsulako gerra 1953an bukatu zenetik handienetakoa. Gorabehera handiak jasan dituzte urte horietan bien arteko harremanek, eta gaizki konpondutako gatazka haren jarraipena beti egon da bertan; beraz, egunotakoa gerra hotzaren azken atala da. Esanguratsua da Ipar eta Hego Koreen arteko gune desmilitarizatuan, aldian aldiko harreman txarren zein «onen» gainetik, munduko arma kontzentrazio handienetakoa pilatzea. Eta egunotako tentsioa liskar armatu zabaleraino iritsiko balitz, penintsula hartan ez ezik, munduan ere izango lituzkeen ondorioak asmatzen zailak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo