GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ikastolen marea igoaraziko dute igandean, Bermeoko Ibilaldian

Bizkaiko zein Euskal Herri osoko euskaltzaleek zita berezia izango dute igande honetan Bermeon, bertan ospatuko baita aurtengo Ibilaldia, «Marigoran kikunbera» lelopean. Bost gune nagusitan jan-edanaz gain, ikuskizunak, tailerrak zein musika kontzertu ugari izango dira, besteak beste, Anje Duhalde, Etxe, Muted, Betagarri edo Gatibu arituko dira bertan.
p019_f0176335.jpg

GARA |

«Marigoran Kikunbera» lelopean, Ibilaldiaren 32. edizioa ospatuko dute igande honetan Bermeon. Eleizalde Ikastola da aurtengo jaialdia antolatzeaz arduratu dena eta dagoeneko guztia prest dute haur, gazte zein helduek, jai giroan, egun paregabea pasa dezaten Bizkaiko kostaldeko herri honetan. Atzo bertan, argitu zituzten Bilbon jaiaren azken xehetasunak Bizkaiko Ikastolen Federazioko lehendakari Juan Carlos Gomezek, Eleizalde Ikastolako lehendakari Markel Goikoetxeak eta Ibilaldia 2010eko koordinatzaile Eider Gotxik.

Bost gunetan banatuta

Aurtengo Ibilaldiak bost gune nagusi izango ditu eta zenbaitetan azpi guneak ere egongo dira. Ikastolea izendatu duten lehenbiziko gunea familia giroan egoteko leku aproposa izango da. Zelai handi batek eta aparkalekuak osatzen dute gunea eta umeentzako tailerrak, magoak, erromeriak, dantzak eta kontzertuak ikusi ahal izango dira; Etxe edo Anje Duhalde, esaterako. Bigarren gunean, Itsasoan, Euskal Herriko produktuak dastatu bitartean musika eta dantza emanaldiez gozatu ahal izango da.

Musika izango du ardatz, baita ere, Euskerea guneak. Bertan, beste hiru gune bereizi dituzte: lehenbizikoan gazteek momentuko musikaz gozatuko dute, bigarrenean jolasek eta herri-kirolek hartuko dute testigua, azkenik, hirugarrenean arraina bihurtuko da protagonista pintxo eta ogitarteko berezietan, eta dantzak, puzgarriak eta umeentzako ekitaldiak ere izango dira.

Itsasoak eta naturak bat egiten dute Izartu gunean. Bertan, musika emanaldiak izango dira egunean zehar, eta Sei urte edo Gatibu taldeen kontzertuak, esaterako. Azkenik, Kulturea gunean ere musikaz blai egingo dira hurbiltzen direnak. Antolatzaileek rock musikari tarte berezia eman nahi izan diote; Gora Herria, Muted edo Betagarri arituko dira, besteak beste.

Ibilaldiaren xehetasun guztiak biltzen dituzten atarian zintzilikatu dute egitarau osoa: www.ibilaldia.com.

Azpiegitura beharrean

Ibilaldia 2010 jaia Bermeon euren ikastola proiektua ezagutarazteko eta inguruan «ikastola eredua indarberritzeko» aprobetxatuko dute Eleizaldekoek. Gaur gaurkoz, 0-tik 16 urtera arteko hezkuntza zerbitzua eskaintzen dute duela 32 urte eraikitako eraikinean.

Hasiera hartan, baina, 16 ikasgeletan banatuta zegoen ikastetxea eta egun 34 dituzte leku berean. Beraz, leku faltagatik azpiegiturak egokitu behar dituzte, Ikastolako arduradunek diotenez; jantokia edo jolasguneak, esaterako, eskas geratu zaizkie.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo