GARA > Idatzia > Euskal Herria

Udan euskara ikasten hasi edo jarraitzeko eskaintza prest du AEK-k

GARA

«Hortxe-hortxe izaten den ditxosozko aditz hori gogora ekartzeko, edo hanka sartzeko beldurrez esan gabe geratzen den hitz hori botatzeko ordua» iritsi dela uste dute AEK-koek eta udan euskara ikasten hasi edo jarraitzeko nahiz ikasitakoa erabiltzeko barnetegi eta ikastaro eskaintza aurkeztu dute. Hala, uda honetarako, «mihi puntan duzuna» ateratzeko gonbita egin diete euskara ikasi nahi duten guztiei.

Euskal Herria ezagutuz

Urteroko legez, euskaltegietan eta barnetegietan euskara ikasi eta praktikatzeko ikastaro hauek uztailean, abuztuan eta irailean izango dira. Aurtengoan, baina, pare bat berrikuntza prestatu dituzte. Batetik, lehenbizikoz «jarduera barnetegiak» deiturikoak antolatu dituzte Foruan, eskola orduez gain, sukaldaritza, bertsogintza, antzerkigintza, dantza, abentura kirola eta pilota tailerrak egiteko. Bestalde, lehenbiziko «barnetegi ibiltaria» egin zenetik hamar urte betetzen direnez, aurten, bizikletaz egiten den ohiko martxaz gain, oinezko ibilaldia egingo dute Pirinioetan barrena. Biek ala biek, Euskal Herriko lekurik ederrenak mintzapraktikak egin bitartean ezagutzeko aukera ematen diete ikasleei, AEK-koek azaldutakoaren arabera.

Horrez guztiaz gain, «euskalduntze barnetegiak» izango dira urtero bezala, «euskara opor giroan ikasi eta hobetzeko» Arantzan eta Foruan; «familia barnetegiak» antolatu dituzte Adunan, Foruan eta Zugarramurdin, AEK-koen esanetan, «haur eta gurasoentzako aparteko oporraldia, euren artean euskaraz aritzeko ohitura sortu eta sendotzeko»; eta, azkenik, xiberera ikastaroak izango dira, Zuberoako euskalkia ikasteko.

Bestalde, udan etxetik gertu euskara ikasteko aukera ere eskainiko du AEK-k. Ohiko euskaltegietan ikastaro trinkoak emango dituzte hizkuntza ikasten hasi, urtean zehar ikasitakoa hobetu edo maila ofizialak zein EGA/3 maila lortzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo