GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Gazteen eskubideen bermea galdegitera goaz Bruselara»

p012_f02_312x123.jpg

Itxaso Cuevas eta Andoni Rojo
Gazteherria ekimeneko eledunak

Hiru hilabeteko ibilbidea besterik ez duen arren, GaztEHerriak sekulako erronka antolatu du larunbaterako, Europaren bihotzean Euskal Herriaren independentziaren eta bertako gazteriaren eskubideen defentsa ozen aldarrikatu nahi du. Itxaso Cuevas eta Andoni Rojo egonak dira jada Bruselan aldarrikapen hauek lau haizetara zabaltzen.

OIhana LLORENTE

«Freedom for the Basque Country», horixe izango da larunbatean eguerdiko hamabietatik aurrera Bruselak entzungo duen aldarrikapena. Nazioarteko 50 gazte eragilek bultzatuta, euskal gazteriaren eskubide zibil eta politikoen defentsa egingo dute bertan. Euskal Herritik hamabost bat autobus aterako dira bihar Bruselarantz.

Apirilaren 2an jarri zuen Durangon bere lehen harria GaztEHerriak-ek.

Bai, eta sekulako esperientzia izan zen. Bertan 10.000 gazte bildu izanak independentziaren aldeko gazte uholdea abian jartzeko nahikoa oinarri dagoela frogatzen du. Bestetik, denbora tarte horren laburrean gazteriak ondo baino hobeto erantzun izana, esparru berri honen beharra bazuela argi utzi du. Sentsibilitate desberdineko gazteak biltzen dituen esparrua da GaztEHerria eta Euskal Herrian zabaltzen ari den aldaketa politikorako aukeran eragin nahi du gazteen aktibazioaren bitartez.

Zer nolako esperientzia izan da orain artekoa?

GaztEHerria osatzen dugun gazte eta eragileontzako lan estilo eta lan molde berri bat da dinamika honekin abian jarri duguna. Hainbat gaitan bakoitzak bere ikuspegia du eta, noski, badira gai gatazkatsuak izan daitezkeenak, baina aurrera egiteko batzen gaituzten oinarri sendoak ditugu: independentziaren apustua eta gure eskubideen defentsa. Egia esan, ez da zaila desberdinen artean lan egitea eta oraingoz sintonia handia dugula esan dezakegu, eta ilusioa ere bai.

Eta larunbaterako Bruselarako martxa antolatu duzue.

Kristoren hasiera izan genuen Durangon, milaka gazteren babesarekin, eta ibilbide horren segida gisa ulertu genuen nazioarteko gazte eragileek Bruselara joateko egin zuten deia. Azaroan izan zen gazte independentisten kontrako sarekadaren nazioarteko erantzun gisa kokatu zuten. Haiek deialdia egin arren, dei hori Euskal Herrian zabaldu eta kudeatzea GaztEHerriaren ardura eta egitekoa zela ulertu eta testigua hartu dugu.

Zer aldarrikatuko duzue?

Independentzia dela gure herriaren biziraupenerako aukera bakarra eta horren aldeko lana guztiz zilegi dela eta, beraz, gazteen eskubide zibil eta politikoen defentsa bermatu behar dela. Horixe da Bruselan aditzera emango duguna.

Eta zergatik Brusela?

Hura delako Europaren bihotza eta Europaren erantzukizuna ere badelako hemen gertatzen ari dena. Demokratatzat du bere burua Europar Batasunak, baina hura osatzen duten Estatu espainola eta frantsesa ez dira demokratikoak. Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoa konpontzeko bidean nazioarteak zeresana izan behar duela uste dugu, ikusi bestela Irlandako prozesuan nazioarteak egindako ekarpena.

 Zuek, aurreratu, eta duela bi aste ibili zineten Brusela aldean lanean.

Bertako eragile eta europarlamentariei GaztEHerriarren berri eman eta, era berean, euren sostengua eskatzeko bertaratu ginen eta harriturik gelditu ginen izan genuen harrera onarekin. Gazteek Euskal Herrian dugun aktibazioarekin harriturik gelditu ziren. European Free Aliance, Bloco de Esquerda eta European Left koalizioetako ordezkariekin izan ginen, baita Friendshipeko kideekin ere, Jose Boverekin, Izaskun Bilbaorekin... oso jende anitzarekin eta, oro har, harrera positiboa izan zen.

Euskal Herrian ere aurrelan galanta egin duzue.

Bai, 700 lagun daude izena emanda, baina milara heltzeko itxaropena dugu. Prestaketa oso mardula izaten ari da eta ez dugu ahaztu behar eragile berri bat garela. Baina gazteria erantzuten ari da, milaka bonolaguntza saldu ditugu autobusak finantzatzeko eta jendea bikain erantzuten ari da, ilusioz.

Nola ikusten duzue euskal gazteriaren egoera?

Zaila. Sistemak ezartzen dizkigun trabez gain, krisi egoera honetan gu gara kolpatuenak.... Euskal Herrian gazteriak salbuespen egoera bizi du. 2006tik hona astero gazte bat atxilotu dute, horra hor datua. Baina diagnostiko beltz honen aurrean gazteriak beti egin du aurrera eta egingo du. Hala ere, harresi demokratikoa eraiki beharra dago eta bereziki gazteak babestu behar dira, finean, gu garelako biharko Euskal Herria eraikiko dugunak.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo