GARA > Idatzia > Mundua

NPTren gailurrak ez du Iran zigortuko eta Israelen jarrera salatuko du

Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituneko (NPT) kideak New Yorken egiten ari diren gailurreko agiriak ez du Iran zigortzeko inolako eskaerarik egingo. Israelen, Indiaren eta Pakistanen jarrera salatuko du, ordea, herrialde hauei hitzarmena sinatzeko eskatuz.

GARA

Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna (NPT) sinatu duten 189 herrialdeak New Yorken egiten ari diren gailurrean adostuko den dokumentuak ez du Iran zigortzeko beharraren gaineko inolako aipamenik egingo, Reuters berri agentziak adierazi zuenez.

Horrekin batera, gailurraren presidente Libran Cabactulanek prestatzen ari den dokumentuaren bidez NPT ituna sinatu ez duten hiru herrialderi -India, Pakistan eta Israel- hitzarmenarekin bat egiteko eskatuko die. Bide batez, Ipar Korea berriro saio nuklearrak egiten hasi delako -2003. urtean alde batera utzi zituen-, atsekabea adieraziko du NPTk.

Indiak, Pakistanek eta Israelek ez dute NPT ituna sinatu eta, ondorioz, ez dira New Yorkeko gailurrera joan.

Dokumentu hau zirriborroa baino ez da, baina hainbat ordezkaritzatako kideek uste dute biharko adostasuna lortuko dutela. 29 orrialdeko txostenean behin baino ez da aipatzen Iran, NPT ituna sinatu duten hainbat herrialdek «hitzarmenarekin bat ez datozen jarduerak egin dituztela» dionean.

Mendebaldeko iturri diplomatikoen arabera, dokumentua onartzeko ezinbestekoa izango da Ekialde Hurbila suntsipen itzeleko armarik gabeko eremu bihurtzeko egitasmoari buruz izango duten jarrera.

Egitasmo horren arabera, Israel behartuta legoke egun dituen arma atomikoei uko egitera. Horrekin batera, inguru horretako herrialdeak bilduko dituen gailurra antolatu beharko litzateke 2012. urterako, NBEko idazkari orokor Ban Ki-moonek zuzendaritzapean egitekoa.

«Ekialde Hurbilaren gaineko akordio batera heltzeko gai ez bagara, ez da itunik izango eta porrot egingo dugu», adierazi zuen bere izena eman gabe Mendebaldeko ordezkaritzako kide batek.

«Arabiarren eskuetan dago Israelek parte har dezakeen egitasmo bat lortu ala Israelen kontra ahoberokerietan segitu, zer duten nahiago», gaineratu zuen diplomatiko horrek.

NPT ituna aztertzeko antolatu zuten azken gailurra -2005ean, Egipton-, porrota izan zen, ez baitziren gai izan Israelen programa nuklearra gaitzesten zuen dokumentu bat adosteko. Honekin batera, hazkunde bidean dauden estatuak oso haserre azaldu ziren AEBek ez zutelako bete armak deuseztatzeko aldez aurretik eman zuten hitza.

Mendebaldeko beste diplomatiko batek «Times of India» egunkariari egindako adierazpenen arabera, India, Israel eta Pakistan itun honek sortu duen sistemara erakartzeko formulen bila dabiltza New Yorkeko gailurrean, NPT sinatu gabe bada ere.

britainia handia

Britainia Handiak 225 buru nuklearreko muga ezarriko du, horietatik 160 erabiltzeko gai izango direnak, atzo Londreseko Gobernuak jakitera eman zuenez. Orain arte, datu hauek konfidentzialak ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo