GARA > Idatzia > Kultura

Supertramp taldeak Barakaldoko BECen joko du irailaren 17an

GARA | BILBO

Supertramp talde britainiarrak kontzertu bat eskainiko du Barakaldoko BECeko Bizkaia Arena pabiloian irailaren 17an, «Supertramp» izenburuko bere lehenengo diskoa kaleratu zueneko 40. urteurrena ospatzeko «70-10 Tour» biraren baitan, Live Nation kontzertu antolatzaileak jakinarazi zuenez.

Bira irailaren 2an hasiko da Halle hirian (Alemania), eta Estatu frantsesa, Alemania, Austria, Suitza, Estatu espainola, Italia, Portugal, Belgika, Holanda, Ingalaterra eta Irlandako 35 hiritan eskainiko ditu kontzertuak.

Rick Davies taldeko sortzaile, abeslari eta teklatu-jotzailearekin batera, ia hasieratik jarraitzen duten John Anthony Helliwell (saxofoia eta txirula) eta Bob Siebenberg (bateria) ere izango dira taula gainean. Halaber, aurreko biretan ibilitako Jesse Siebenberg (ahotsak, gitarra eta perkusioa), Cliff Hugo (baxua), Carl Verheyen (gitarra) eta Lee Thornburg (haize instrumentuak) musikariek osatuko dute taldea bira honetan.

Davies bera eta Brian Duncan agertokiaren eta argien diseinatzailea birarako «ekoizpen eszeniko berria» ari dira prestatzen, ikusleek taldearen «goitik beherako esperientzia» izan dezaten.

Momentu honetan, Supertramp New Yorken entseatzen ari da bira prestatzeko. Bi ordu eta erditik gorako kontzertuetan, «Bloody Well Right», «Dreamer», «From Now On», «Goodbye Stranger», «The Logical Song» edo «Rudy» bezalako klasikoak entzun ahal izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo