GARA > Idatzia > Kirolak

Mendizaletasuna Gipuzkoarrak prentsaurrekoa eskaini zuen Madrilen

Euskal Herritik gertuago dago Edurne Pasaban

Tolosako mendizalea Madrilgo Barajas aireportura iritsi zen atzo bere espedizioko zenbait kiderekin batera, eta gaur itzuliko da etxera. Datorren urtean Everestera oxigenorik gabe igoko dela aurreratu zuen.

Imanol CARRILLO

Orain bai esan daitekeela Edurne Pasabanen familia, lagunak eta, orokorrean, beraren inguruko jendea eta haren balentriei jarraipena egiten dieten guztiak lasai egon daitezkeela. Izan ere, Tolosako mendizalea gertuago dugu jada, atzo goizean, 8.30ean, Madrilgo Barajas aireportuan lurreratu baitzen.

Bere motxilan Lurreko hamalau zortzimilakoak gorde eta ekarri zituen, eta beste opari atsegin bat ere jaso zuen, aspaldi ikusten ez zuen jendea besarkatu ostean.

Izan ere, Jaime Lissavetzky Estatu espainoleko Kirol idazkariak aditzera eman zuenez, Kirol Merituaren urrezko domina jasoko du tolosarrak. Eta Pasaban pozik agertu zen sari honengatik: «Pozik nago batez ere urte askotako lanak bere aitorpena izan duelako».

Munduko hamalau tontorrik garaienetara igotzea bezalako balentriak ez dira egunero lortzen, baina lorpen pertsonalaz harantzago, mendizale euskaldunak azken urte hauetan ondoan izan dituen lankideen lana goraipatu nahi izan zuen. «Proiektu honen gauzarik onena nirekin egon den jendea da, eta beraiei esker lortu dugu hamalau zortzimilakoak osatzea. Niretzat munduko talderik onena osatu dugu. Ni naiz mendietara igotzen dena, egia da. Gailurrak zapaltzeko esfortzua nik egiten dut, baina ondoan izan dudan taldearen laguntzarik gabe ezin izango nituzke hamalau zortzimilakoak osatu. Kordadako lankideak, eskalatzaileak eta, batez ere, lagunak izan dira, eta hori da, hain zuzen ere, urte hauetan behar izan dudana», aitortu zuen Pasabanek.

Espedizio honetan parte hartu dutenen aipamena ere egin behar da, beraiek ere lortu baitute balentria. Horiek izan dira, besteak beste, Asier Izagirre, Alex Txikon, Ferran Latorre, Nacho Orviz eta Pablo Diaz-Munio medikua.

Halere, ez ziren horiei begirakoak izan Pasabanek izan zituen esker oneko hitz bakarrak. Gailurretara igotzeko lan horretan gogor aritzen diren pertsonak ere badaude, baina normalean ez da euren meritua aintzat hartzen. Mendizale tolosarrak sherpek izan duten paper garrantzitsua goraipatu zuen, eta honakoa gaineratu: «Iragan larunbatean prestatu ziguten festa ikusi izan bazenute, txoratu egingo zinatekete. Amari esan nion: `Ama, ez dut jada ezkontzeko beharrik, nire ezkontza egin baitidate'. Ikaragarria izan da».

Argi dago lorpenak helburu hori bilatzen duen edonor asebeteko lukeela, eta are gehiago, Edurne Pasabanek aipatu zuenez, Reinhold Messner bezalako mendizale batek zorionduz gero. «Proiektua bideratzeko moduagatik zoriondu nau. Halako pertsonak zorionak ematean, hain gaizki egiten ez nabilen seinale, ezta?», adierazi zuen.

Miss Hawleyren zain

Hala ere, proiektu honek polemika sortu du urteotan, eta bereziki azken hilabeteetan. Oh Eun Sun mendizale korearra izan zen hamalau zortzimilakoak osatu zituen lehen emakumea, baina Pasabanek horietako baten bat zalantzan jarri zuen.

Gipuzkoarrak aipatu zuenez, Miss Hawleyren esku dago dena, igoera bakoitzaren baliozkotasunaren ziurtagiria ematen duen kazetari britainiarraren esku.

«Bera da hamalau zortzimilakoak osatu dituen lehen emakumea. Gu gara bigarrenak eta, oraingoz, hau da egoera. Egia da Miss Oh-ren zenbait gailur zalantzan daudela. Miss Hawley kazetariak dudan jartzen du baten bat. Baieztatzen duen ala ez itxaron behar dugu. Frogak eskatu dizkio Miss Oh-ri; hori hala dela badakit, berarekin [Hawleyrekin] hitz egin dudalako. Nik nire gailurren 14 argazki aurkeztu dizkiot. Gailur bakoitzeko txosten bat dago, eta gailur bakoitzean nirekin egon diren pertsonen izenak datoz. Miss Hawleyk gauza bera eskatu dio Miss Oh-ri», azaldu zuen tolosarrak.

Gauzak horrela, Edurne Pasabanek bere lorpena ospatzen jarraituko du datozen egunetan, eta opor batzuk hartuko ditu egindako esfortzuarengatik.

Egia da lorpenak arantza bat utzi diola gorputzean, baina datorren urtean kentzea espero du. Bere hastapenetara itzuliko da tolosarra. Izan ere, Everesteko gailurrera igotzen ahaleginduko da berriro ere, 2001ean egin zuen bezala, baina oraingoan oxigenorik gabe.

Medalla de oro al Mérito Deportivo para Pasaban

Jaime Lissavetzky, secretario del Estado español para el Deporte, anunció que se le entregará a Edurne Pasaban la medalla de oro al Mérito Deportivo y seguido señaló que «gracias por habernos hecho sentir tan bien. Estamos todos muy orgullosos de ti».

El padre de Jordan Romero niega su irresponsabilidad

El padre del americano Jordan Romero, el alpinista más joven de la historia en conquistar el Everest, ha negado haber actuado de manera «irresponsable» llevando a su hijo de 13 años en una expedición peligrosa, y ha asegurado que todo se «desarrollaba perfectamente».

Descubren cinco cuerpos sin vida en el Everest

Un equipo de 20 sherpas ha descubierto los cuerpos sin vida de cinco alpinistas, entre los que podría estar el del americano Scott Fisher, guía de una expedición muerto el 10 de mayo de 1996. Además, se han recuperado más de 2,5 toneladas de distintos residuos.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo