GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Lehenengo belarra jarri

Krisiak ez du barkatzen, gauza asko sikiera ez. Kirola ere du joa. Futboleraino helduak dira haren eraginak. Krisiak eliza ere du ukitua; estreinakoz izan badaiteke ere oraingoan ez da elizak beste norbait ukitu duena, bera baita ukitua izan. Katedraleraino helduak dira haren ondorioak. Gauzak horrela futbolaren katedralari deslokalizatzeko tenorea heldu arazi diote. Bai. Baina ez, ez dute ekialdera eroango, ohikoa izan den moduan, ekialde hartako herrialdeetan kristautasuna merkeagoa izanda ere. Mendebaldera eroango dute, ehun bat metro eroan ere, katedral berria katedral zaharretik distantzia horretara eraikiko dute eta. Itxuraz, krisiak dakartzan murrizketen artean sartzen da deslokalizazioen ohiko distantziaren murrizketa hau ere. Bai. Lehengoan jarri dute zelai berriaren lehenengo harria, Lezamako harrobikoa ez dena, seguru. Dena dela, hau kolpea! non eta zelaian zer eta harria ipini! Soropila ordez harri pila sartu! Zoro pila da hurbileko munduan! Eta soropila gehiegi belarraren beharrean. Tira, harira! Hainbeste urte pasatu neurri-sistema ofizialaren unitateak ikasten eta ikasita genituenean hara! unitateak berriz ere aldatzera doaz. Bai, niri asko kostatu zait hektarea zen hura burutik aldendu eta horren ordez azalerak sanmamesetan entzun behar izatea, iaz herrialdean ez dakit zenbat sanmames zementatu direla entzutea, kasuko. Asko kostatu ere garai hartan metro kubotan ematen nuen haren ordez oraingo bolumenak sanmamesetan entzun behar izatea, iaz bizkaitarron zaborra ez dakit zenbat sanmames betetzeko haina izan zela entzutea, kasu baterako. Gainera, kuboa orain Donostian da! Eta zer esan metro gizajoaz? Aspaldian akabo zitzaion metroari Pariseko ez dakit zein museotan den ez dakit zeren hamar milioigarren parte izatea. Akabo! Metroa aspalditik da hiri azpitik distantzia desberdinetan mugitzeko bidea, museoen artean mugitzeko ere. Akabua! Baina ez zait arraroa egiten. Diru berak orduaren arabera prezio diferentea izan eta burtsan aktibo aldakorretan neurtzen dela jakin nuenetik ez zait ezer arrotz gertatzen unitateen munduan, are gehiago goardia zibileko unitate bakoitzari numero esaten segitzen badute ere. Ama, ama! Portzierto, noiz edo noiz lehenengo belarra jartzen ikusiko ditugu horiek, eraikin handien zimendu harrien artean. Lorontzietan jarri ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo