BERRIA | Ivan Santamaria 2010/5/28
Kalkulagailua etxean
«Gero egingo dugu batuketa, ez dut kalkulagailua ekarri». Eusko Legebiltzarreko tribunatik Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak izandako ateraldi ustez umoretsuak ongi definitzen du atzoko agerraldiak utzitako inpresioa. Erantzuna Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak egindako galdera sinple bati zegokion. Iragarritako neurriek EAEko defizitean nolako eragina izango zuten jakin nahi zuen Ezenarrok, kopuru zehatza. Hori baino ez. Edo hori guztia, erantzunaren eskasa ikusita.
Espainiako Gobernuari aitortu behar zaio zorraren krisia hasi zenean helmuga argi eta garbi ezarri zuela. Bi urtean defizit publikoa bost puntutan murriztu nahi du. Ahalegin hori gauzatzeko 15.000 milioi aurreztu behar direla zehaztu du. Fakturaren zenbatekoa jakinda, bere poltsikoak eta herritar gehienenak dantzan jarriko ditu, berdindu nahi badu.
Bada, hartu nahi dituen neurriekin nolako helburuak bete nahi dituen azaldu gabe alde egin zuen Lopezek ganberatik. Gastua gutxitzeko neurri zehatzen aurretik, zenbat aurreztu nahi den eta zergatik jakitea izan beharko litzateke lehen urratsa.
Urte amaieran 1.800 milioi euroren defizita espero du Jaurlaritzak, BPGaren %2,7 besterik ez -Espainiak %9 nahi du-. Xede hori betetzeko premiazkoa da orain gastua gehiago murriztea? Gehiago jaitsi nahi da defizita? Hala bada, noraino? Espainiarekin elkartasuna izateak eskatzen dituen sakrifizioen kontua eman beharko luke Lopezek atzo etxean utzi zuen kalkulagailuak.