ARGIA | Xabier Letona
Erresistentzia
Zapaterok ba ote du beste alternatibarik nazioarteko finantza merkatuen presioaren aurrean? EBko estatu indartsuenen -eta funtsean Alemaniaren- presioen aurrean?
Patxi Lopez eta diputatu nagusiek ba al dute alternatibarik? Ez, ez dute. Gerrikoa estutu behar da eta kito. Eta arazo nagusia ez da gerrikoa estutzearena, nola estutzen den baizik. Erabat desberdina baita gerrikoa neoliberalismoaren indarrak asetzeko moduan egitea, edo herritarren beharrak oinarritzat hartuta.
Egungo Europar Batasunaren agintzaritzan ez dago alternatibarik. Ezta Espainia edo Frantziako agintaritzan ere. Eta are gutxiago botere ahalmen urriagoak dituzten Euskal Herriko administrazio guneetan. Eta nola egongo da alternatibarik euroaren erresumako agintaritzan indar neoliberalak nagusi direnean? (...)
Kontua da inork gutxik dakiela hau nola buka daitekeen, noraino hondora gaitezkeen. Euroguneak aberastasunaren lilura barreiatu zuen EBko estatu guztietara, honek estatu handienekiko zekarren morrontza kontuan hartu barik. Estatuek eurogunearen menpeko zor publiko errazaren ametsa bizi izan dute. Herritarrak eta enpresak bankuen kreditu errazen ameskerian zorpetu dira. (...)
Agintarien ametsak Euskal Herrian: autopistak, abiadura handiko trenak, azpiegitura erraldoiak... Nortasun zeinuen bila, kultur eta ekonomi azpiegituren lehia barreiatu da han hemenka -«hark badu, nik ere bai»- eta tabakalerak, artiumak, gugenheimak, arte garaikide zentruak, nazioarteko erakustazokak, erraustegiak eta gisakoak perretxikoen gisara sortu dira han-hemenka. (...)
Erresistentzia da alternatiba bakarra, gutxienez orain arteko ziklo kapitalistak errepika ez daitezen nahi duten guztientzat. Jakinda gainera, erresistentzia horrek gaur gaurkoz ez duela eraikitze ahalmenik bere baitan, baina jakinda baita ere, oraingo uholde neoliberalari aurre egin barik ezinezkoa dela etorkizuneko alternatibetan amestea. (...)
Euskal Herrian bada sektore anitza eta zabala erresistentziaren ideia honekin bat egiten duena. Gehiengo sindikalak iaz deitutako greba orokorraren zentzua inoiz baino hobeto ikusten da orain. Bada indarrik eta erakusteko ordua da.