GARA > Idatzia > Mundua

Santos Mockusen aurka, tankerako bi hautagai Kolonbiako bozketetan

Begiraleen ustez, gaurko hauteskundeek ez dute argituko nor izango den hurrengo Kolonbiako presidentea, hautagai guztiak %50etik urruti geratuko baitira, inkestek kale egiten ez badute behintzat. Bi dira faboritoak: Uriberen aldeko Santos eta Mockus «berdea».

pd31_f02_148x108.jpg

Jorge Enrique BOTERO «LA JORNADA» | BOGOTA

Ekainaren 20an egingo da Kolonbiako presidentetzarako hauteskundeetako bigarren itzulia eta horietan lortuko du norbaitek presidentetza, gaur ez baita gauza handirik argituko.

Hogeita hamar milioi kolonbiarrek dute botoa emateko aukera, baina normalean eskubide hori dutenen erdia baino ez da hurbiltzen hautestontzietara. Bederatzi hautagairen artean egin behar dute aukera. Azken egunotan argitaratu diren inkesten arabera, hautagai horietako bik dute bigarren itzulira pasatzeko aukera: U-ren Alderdiko Juan Manuel Santosek, Alvaro Uribe egungo presidentearen ildoari eutsiko diola agindu duenak, batetik, eta Alderdi Berdeko Antanas Mockusek, bestetik.

Santos Uriberen Gobernuan egondakoa da, Defentsa ministro izan baitzen. Gerrillen aurkako gerrarekin jarraituko duela agindu die kolonbiarrei, hau da, bakerik ez dutela ezagutuko.

Agintearekin beti oso harreman estua izan duen familia batekoa da Santos, Kolonbiako presidente ohi baten biloba, eta behin baino gehiagotan ministro izandakoa. 59 urteko hautagaiari Washingtonen interesak babesteko joera leporatu izan zaio.

Ezagutzen dutenek oso etekinzalea dela esaten dute. Eta ausarta, aurkariari zuzenean aurre egiteko joera duena. Izan ere, bera Defentsa ministroa zen Kolonbiako Armadak 2008an FARC gerrillak Ekuadorren zuen kanpamentu baten aurkako aire erasoa egin zuenean. Santosek diseinatu eta agindu zuen aire eraso hura. Bertan Raul Reyes gerrillako burua hil zuten. Geroztik, Kolonbiak oso harreman txarrak ditu Venezuelarekin zein Ekuadorrekin. Inkestek diote botoen %35 bilduko duela hautagai «ofizialistak».

Lituaniako etorkina

Antzeko boto kopurua lortuko du, antza denez, 58 urteko Antanas Mockusek. Edonola ere, hautagai honek gauzak parekatzea lortu du, orain bost hilabete egiten ziren inkesten arabera, Santosek erraz irabaziko baitzuen.

Lituaniatik etorritako etorkinen semea da hautagai «berdea», matematikaria, filosofoa, Unibertsitate Nazionaleko buru ohia eta Bogotako alkate bi aldiz izandakoa. Kolonbiar asko erakarri ditu bere posizioetara. Begiraleek diote bere hizkera lasai eta pedagogikoari esker lortu duela Uriberen aldeko hautagaiarengana horrenbeste hurbiltzea. Bere ondoan, Santos oso beligerante ageri da, eta gerrarako aurrekontuak igotzeko proposamena dakar eskuetan.

Carlos Lozano «Voz» astekariko zuzendariaren iritziz, Mockusen eta Santosen arteko ezberdintasunak itxurazkoak besterik ez dira. «Herrialdeak gaur egun bizi duen krisi sozial larria eragin duen politika ekonomiko berbera defenditzen du Mockusek. Gainera, gatazka armatuari irtenbide politikoa emateko aukera baztertu egin du, gerraren suari gasolina gehiago bota nahi diotenekin bat eginez».

Mockusek berak adierazi du oker dabiltzala bera presidentetzara iristea gerrillarien garaipena izango litzatekeela esan dutenak. «Ni ez naiz tipo bigun bat, tipo gogor garbia baizik», esan izan du. «Legaltasuna» aipatzen du etengabe hautagai «berdeak», eta agintera iritsiz gero, hezkuntzak lehentasuna izango lukeela agindu du. Agian horregatik, gazte askok esan dute aurten boto «berdea» emango dutela.

%10etik behera

Inkestek diote botoen %10 baino gutxiago bilduko lituzketela Rafael Pardo liberalak, Guztavo Petro ezkertiarrak, Sanin kontserbadoreak eta German Vargas ofizialistak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo