GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Julen Zulaika Askapeneko kidea

200 urte eta gero

Benetako independentzia baten alde egiten dugu, herrion eta herri zanpatuon independentziaren alde, hainbestetan Euskal Herriarentzat eskatzen dugun berberaren alde han ere, egiazko aldaketa politiko eta sozialen alde, gure askatasunetik gainerako herrien askatasunera heldu arte, egiazko askatasun politiko, kultural eta ekonomikoaren alde

Maiatzaren 25ean 200 urte igaroko dira argentinar estatua sortu zenetik, orduko espainiar gobernadore zena, koloniaren ordezkaria hain zuzen, Baltasar Hidalgo de Cisneros agintetik kendu eta bertako herritarren juntak gobernua bere gain hartu zuenetik.

Espainiaren nagusitasun politiko-militarraren gainbeheran, estatu berri bat sortu zen: Argentina. Gero helduko ziren Bolivia, Kolonbia, Txile eta Mexikoren independentziak. Maiatzean zehar ehunka ekitaldi, foro tematiko, luxuzko estropada eta bestelako ekitaldi antolatu dituzte urtemuga ospatzearren eta, tartean, ikastetxeetan lantzeko historiaren gaineko unitate didaktiko bat. Ikasmaterial honetan, oraindik ere, estatuaren modernizazio baterako eman beharreko pausotzat azaltzen da «desertuko kanpaina» deiturikoa.

Batez ere maputxeen aurka egindako genozidioa izan zen berau; besteak beste, ia ehun mila hildako, hamar milatik gora preso, maputxeak museotan sartzea eta hainbat emakume argentinar burgesiaren esklabo lanetan hasi beharra ekarri zuen. Horra, beraz, modernizazio prozesu baterako eman beharreko derrigorrezko pausoa, herri baten aurkako genozidioa alegia. 200 urtetan ordea, ezer gutxi ikasi dute agintari kreolek, genozidioari modernizazio deitzen jarraitzen duten bitartean. Hala ere, ongi asko dakigu modernizazio izenaren pean, kapitalismo basatia eta inperialismoaren atzaparrak ezkutatzen direla, baina horrela esanda desitxuratu egingo luke jai ponpoxo bezain erraldoi hau eta ez dirudi horretarako prest daudenik egungo agintariak.

Neurri batean, kolonia arrotz batetik askatzea pozteko arrazoia bada ere, 200. urtemuga bera, Askapena erakundeko kideok ospatzekoak baino kezkatzeko datak direla uste dugu. Izan ere, zein da egun Toba, Wichi, Wocobi, Kolla, Guarani, Diaguita, Maputxe eta Huarpe herrien lekua Argentinar estatu honetan? Herri hauen kontzientzia maila gorantz doan heinean aldarrikapenak eta borrokak ere gora egin dute, hizkuntzari, kulturari eta lurraldetasunari dagozkionak gehienbat.

Eta honekin batera estatuaren errepresio aparatuek ere indartsu ekin diote euren aurka, izan zuzenean bere aparatu errepresiboen bitartez edo modu estalian, duela 200 urte egin bezala, herriaren ongizatearen izenean orain ere. Herri hauek, bestelako aldarrikapenak izan dituzte hizpide urteurren honetan, eta berauei Argentinan hainbeste diren mugimendu sozialetako hainbat elkarte batu zaizkie benetako independentziaren aldeko aldarriak beren gain hartuz. Izan ere, ez dira jatorrizko herriak soilik estatu honen bazterrean, itzalean geratzen direnak; langabeak, emakumeak, sojaren eta bestelakoen monolaborantzak kaltetutako nekazariak, osasun eta hezkuntza sistematik etekinik lortu ezin duten milaka lagunak, ahaztutako auzokideak... hauek eta beste milaka lagunei bost axola zaie 200 urte edo zenbat bete dituen Argentinak, eurentzat lekurik ez duen bitartean.

2010. urtea, hainbat herrialderen independentziaren urtemuga bada ere, Aby Ayala luze zabalean, inongo zanpaketa gabeko herrien alde egiten dugu, azaleko ospakizunen zurrunbiloan erori gabe. Benetako independentzia baten alde egiten dugu, herrion eta herri zanpatuon independentziaren alde, hainbestetan Euskal Herriarentzat eskatzen dugun berberaren alde han ere, egiazko aldaketa politiko eta sozialen alde gure askatasunetik gainerako herrien askatasunera heldu arte, egiazko askatasun politiko, kultural eta ekonomikoaren alde, gurean bezala Argentinan eta mundu osoan, ospatzeko arrazoi gutxi daude, beraz, urte muga honetan; borrokan jarraitu beharreko egun bat gehiago gaurkoa ere: herriok independentzia!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo