GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | Mundumira kultur jaialdia

Italiatiak Argentinara joateko, Turkia gurutzatu behar da ezinbestean

Zer du komunean Brasilgo batukadak Turkiako kebaparekin? Eta Granadako teak Segurako taloarekin? Nahas-mahas horrek badu zentzuzko erantzunik: Mundumira kulturen arteko jaialdia. Asteburuan zehar Antzuola munduaren erakusleiho izango da, kolore guztietako herrialdeak Euskal Herrira gerturatuz, baita geure lurra lau haizetara zabalduz.

O. LARRETXEA

Antzuolan zaila zen atzo mokadurik ez egitea. Batera eta bestera, nonahi zegoen usain gozoa eta jatekoa. Debagoieneko Mankomunitateak orain sei urte jaialdia abian jarri zuenetik, Mundumira jaialdia bailarako herri batean ospatzen da urtero, kultura aniztasunaren lekukoa udalerriz udalerri igaroz. «Jaiaren mezua, helburua, desberdina den horretatik ikastea da, alegia, gauza berberak egiteko hamaika modu daudela erakustea», azaldu zuen antolakuntzako Beatriz Rodriguezek. «Australiak izan ezik, beste kontinente guztiek euren txokoa dute hemen -jarraitu zuen-: kantina mexikarra eta argentinarra, kus-kusa, kebapak, gozoki arabiarrak, Pakistango jakiak, taloak, pizzak, Alemaniako saltxitxak eta krepeak eta produktu biologikoak.... Ia denetarik». Gorputzek ere izan zuten zer dantzatu: «Doinu afrikarrak, brasildarrak eta batukada izango ditugu -gaineratu zuen-. Eta, ikuskizunei dagokienez, zirku klasikoarekin lotutako kale animazioak: Malabaracirco eta Tiritirantes».

Zapore jaia

Postuetan suak gori-gori ziren haragia eta barazkiak prestatzeko. Maite Pico galiziarraren barraren aurrean jende andana bildu zen usain goxoa zerion eta urre kolorea zuen haragi puska hori zer ote zen galdezka. «Urdaiazpiko errea da», azaldu zuen behin eta berriz. «Emadazu ogitarteko bat sekulako itxura du-eta!», bota zuen gazte batek. «Haragia modu tradizionalean egiten dugu eta horretarako Galiziatik ekarri dugu antzinako ikatzezko labea. Urdaiazpikoa bost eta sei ordu bitartean sartzen dugu 200 gradura, eta guri-guri dagoenean eta salda guztia bota duenean ateratzen dugu». Gauza berriak dastatzeko aukera zabala izan arren, Segurako talogileengana jo zuenik ere izan zen: «Turkiarren kebapa baina euskal erara. Ba al dago hau baino gauza hoberik?», galdetu zuen antzuolar batek.

Bazkaria amaitzeko, Aljeriako Hamid gaztearen gozokiak eta Mirta granadarraren teak. «Normalean 35 gozoki prestatzen ditut -zioen lehenengoak-. Oinarrizko osagaia intxaurra, almendra, urra, datila edota pistatxoa dira». Bertan zirenei gozokien artean bakarra hautatzea zaila egin zitzaien eta ez zuten lan errazagoa izan tea egiteko zein belar nahi zuten erabakitzea. Azkenean, nork bere beharren araberakoa hautatzen zuen: «Zeinek lagunduko dit digestio arina izaten?».

Artisautzaren bidez ere islatu zen herrialdeen kultura ondarea. Artisauen postuetan ikusgai ziren harribitxiak xehetasunik galdu gabe ikusi nahi zituenak nahikoa lan izan zuen: ilea apaintzeko loreak, paperezko bitxiak, edota jostailu ekologikoak. Sebastianek iaz jostailu ekologiko onenaren saria irabazi zuen Bartzelonako Festival del Reciclaje-n. «Venturi deitutako efektuari esker, txalupatxoak olio tanta bat nahikoa du ordu erdiz uretan nabigatzeko», argitu zuen.

Urrats gutxi batzuk emanda mundua ikusi eta jakin-mina ase nahi duen orok 18.00ak arte badu aukera. Ekitaldiz jositako egunarekin esango du agur gaur Mundumirak. Datorren urtean itzuliko dira munduko altxorrak geure etxeko atarira, ahoaz, belarriez nahiz begiez deskubritu ditzagun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo