BBK-k eta Kutxak ezetz esan diote Vitaleko presidenteak egindako proposamenari
Bilbao Bizkaia Kutxako eta Kutxako agintariek azken hilabeteetan nabarmendu dute egungo krisi egoera igaro arte ez dutela inolako fusio prozesurik aintzat hartuko, eta, ildo horri jarraituz, ezezkoa eman diote Gregorio Rojo Vitaleko presidenteak egindako proposamenari.
GARA
Bilbao Bizkaia Kutxak (BBK) eta Kutxak azken hilabeteetan esandakoari eutsi, eta ezetz esan diote Gregorio Rojo, Vital Kutxako presidenteak, iragan asteburuan egindako proposamenari. Rojok, «El Correo» egunkariaren iritzi saileko orrialdeetatik, «fusio hotza» edo «fusio birtual» bat egikaritzeko eskatu zien Bizkaiko eta Gipuzkoako kutxen arduradunei. Hauek, ordea, egungo egoera ekonomiko zailean inolako fusiorik egitearen kontrako jarrera mantendu zuten atzo.
Hala, Europa Press agentziak nabarmendu zuenez, Mario Fernandez, BBK-ko presidenteak, Rojoren adierazpenak direla-eta idatzitako barne ohar batean, aipatzen du krisiaren eraginez operazio hau ez egiteko emandako baldintzek bere horretan jarraitzen dutela, eta, beraz, Bizkaiko kutxak ez duela «inolako bat-egite prozesurik abiatuko», ez modu batean, ez bestean.
Bere aldetik, Kutxako iturriek lehen aipatu agentziari egindako adierazpenetan aipatu zuten beraiek kutxen bat egitearen aldekoak diren arren, operazio hori «une egokian» egin beharko litzatekeela, eta ez orain.
Ildo horretatik, Kutxak auzi honen gainean azkenaldian izan duen iritzi berbera duela adierazi zuten, «ez baita inolako aldaketarik gertatu». «Ez zen bere garaian egin, eta orain krisia igaro arte itxaron beharko dugu», gaineratu zuten.
Lakua, Rojorekin
Rodolfo Ares Barne saileko arduradun eta Lakuako Gobernuko lehendakariordeak esan zuen begi onez ikusten duela Rojoren proposamena, eta fusioa aurrera eramateko, Gobernuak bere eskuan dagoen guztia egingo duela adierazi zuen.
Vital Kutxak, PSEren eskutik, uko egin zion duela urte eta erdi BBK-k eta Kutxak abiatutako fusio prozesuari.
Duela hiru urte, BBK-k, Kutxak eta Vital Kutxak bat egiteko asmoa azaldu zuten, baina PSEk trabak jarri zizkion, Lakuako Gobernua lortu arte.