GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Israelek nazioartea du aitzakia nagusia

Terrorismoa» da Israelgo Gobernuaren aitzakia, atzo bezala aspaldi handian. Palestinarra izatea susmagarria den bezala, Gazara giza laguntza daraman itsasontzi batean doazen lagunak terroristak baino ezin dira izan sionismoaren begietan. Gutxienez 16 lagun hil zituzten israeldar soldaduek atzo, oraindik kopuru hori egiaztatu gabe dagoen arren; areago, ez dago atxilotuen berri eta, are kezkagarriagoa, jakina da Israelen eskuetan ez direla beren eskubideen inolako bermeren jabe izango.

Egiaz, Israelek ez du aitzakiarik behar, ordea. Mendebaldeko estatuak dira-eta haren aitzakia. Horregatik, beste hainbatetan bezala, atzoko gaitzespen eta deitoreei faltsu itxura antzematen zaie, gaitzespen eta deitore horien egileek berek eman dioten erabateko inpunitatearen ondorio baita Estatu sionistaren jokaera. Urrunera gabe, oraindik orain Israel OCDEra sartzea onartu zuten. Nolanahi ere, espero izatekoa da nazioarteko legedia urratu izanak dagokion zigorra izatea, nahiz eta atzokoa ez den Israelek legedia hori urratu duen lehenbiziko aldia, eta sobera jakina da NBEren ebazpenak hutsaren hurrengoa izan ohi direla Israelen gainekoak direnean. Oraingoan, ordea, Turkiako ontzi bati eraso dio, eta ezingo dute aurrekoetan bezain erraz zuritu. Horrenbestez, eta Ehud Barak Defentsa ministro israeldarrak inor hiltzeko asmorik ez zutela esan bazuen ere, zalantza bat dago airean: Israelen hutsegitea izan zen ala ez; hau da, nazioartetik jaso litzakeen ondorioak -jasoko balitu- neurtu gabe egindako ekintza izan zen ala beldurra eraginez palestinarrekiko elkartasun gero eta handiagoa eten edo gutxienez eusteko saioa.

Berriro ere, Israel lotsagarri geratu da munduaren aurrean, berriro ere lotsagarri utzi ditu bere aliatu boteretsuak, baina horien jarrera aldatzeko lotsa baino zerbait gehiago behar da; izan ere, ezinbestekoa da herritarren presioa. Hego Afrikako apartheid egoeran herrialde hura boikotatzeko adina motibo daude orain -eta aspalditik- Israeli boikot egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo