Sokatira Euskal Herriko Txapelketa
640koan Goiherri lehen saiotik hasi da agintzen
Aspaldiko saiorik orekatuena izan zen Areson jokatutakoa, berdinketa ugari izan baitziren.
Jon LEUNDA
Goiherri taldeak irabazi zuen 640 kiloko Euskal Herriko Txapelketako lehen jardunaldia, eta aspaldian izan den saiorik orekatuena izan zen, gainera, pisu honetako estreinako hori, urte asko izango baitira horrenbeste berdinketa ikusi ez zirela.
Goiherri taldea izan zen nagusi, eta agian besteak baino zertxobait gorago ikusi zen, baina hauek ere ez zituzten jokatutako saio guztiak irabazi, izan ere Mutrikurekin berdindu egin baitzuen, bakoitzak tiraldi bana irabazita. Bien arteko tiraldietako bat, gainera, izan zen saioko luzeena, 8 minutu eta 19 segundo iraun baitzituen.
Mutriku sailkatu zen bigarren, baina gipuzkoarrek ere makina bat lan egin behar izan zuten postu hori lortu ahal izateko. Mutrikuarrek hiru berdinketa egin zituzten. Bat Gaztedirekin, bestea aurrez aipaturikoa, Goiherrirekin, Getxorekin, eta Aresorekin. Goiherri B taldeari bakarrik irabazi zizkion bi tiraldiak.
Hirugarren postuan, Gaztedi eta Areso berdinduta geratu ziren, eta hauek ere berdinketa ugari egin zituzten. Bien artean ere berdindu egin zuten, bakoitzak tiraldi bat irabazi zuen, alegia. Gero, Aresok, Mutrikurekin ere berdindu egin zuen. Gaztedik, berriz, Mutrikurekin eta Getxorekin ere berdindu zuen, eta amaieran puntu kopuru berarekin geratu ziren biak.
Azken-aurreko postuan amaitu zuena Getxo izan zen, eta bizkaitarrek denboraldiko saiorik onena egin zuten 640 kiloko lehen jardunaldi honetan. Goiherri B taldearekin berdindu egin zuen, baina Mutrikurekin eta Gaztedirekin ere bai. Hala ere azken bigarren postuan amaitu behar izan zuten bizkaitarrek.
Azkeneko postuan Goiherri B sailkatu zen. Hauek Getxorekin berdindu egin zuten, tiraldi bat irabazi zioten, alegia, baina gainerako talde guztiekin jokatutako tiraldi guztiak galdu egin zituzten.
Eguneko sailkapena honela geratu zen: lehenengo Goiherri A, 6 punturekin; bigarren Mutriku, 5ekin; hirugarren postuan berdinduta geratu ziren Areso eta Gaztedi, 3,5 punturekin; bosgarren Getx0, 2 punturekin, eta azkeneko postuan geratu zen Goiherri B, puntu batekin. Hau lehenengo jardunaldia zenez, sailkapen nagusia ere bera da.
Pisu hau amaitzeko oraindik beste bi jardunaldi jokatuko dira. Bata ekainaren 12an izango da, eta hori Martiartun izango da, eta azkenekoa, berriz, ekainaren 20an Aian jokatuko da, eta hantxe erabakiko da pisu honetako txapelduna zein izango den.
640koa amaitutakoan, beste bi pisutako txapelketak faltako dira jokatzeko: batetik, 600 kilokoan; eta bestetik, 580 kilokoa, jokatzen azkena.