Idi-probak
Arteagagoitiaren idiak izan dira nagusi Getxon
J.L.
Arteagagoitiaren uztarria izan da Getxon jokatu den Euskadiko pisu libreko finaleko uztarririk onena. Garaileek, gainera, ez zuten arazorik izan garaipena erdiesteko, alde handia kendu baitzieten gainerakoei.
Irabazleek, 50 iltze egin zituzten. Bigarren postuan sailkatu zen Bikarregiren uztarria, eta hauek 38 iltze eta erdi egin zituzten. Azkeneko postuan sailkatu zen Ormaetxeren idi parea, eta hauek 29 iltze egin zituzten.
Uztarri garailea azkena aritu zen lanean, eta aurrena aritu zena, Ormaetxearena, alegia, azkena sailkatu zen. Bikarregirena bigarren aritu zen lanean, eta bigarren amaitu zuen.
Lokotx-biltzea
Garmendiak eskuratu zuen herenegun Urnietan Gipuzkoako lokotx-biltzeko txapela. Lan guztiak burutzeko 6 minutu eta 17 segundo behar izan zituen Baliarraingoak. Bigarren, Larrañaga sailkatu zen, eta honek 6 minutu eta 37 segundo pasa zituen lanean.
Hirugarren, Astiazaran sailkatu zen, eta lanean 6 minutu eta 39 segundo emanda. Laugarren Zulaika sailkatu zen, eta 6.40 izan zen bere denbora eta azkena sailkatu zen Barberena, eta honek 6 minutu eta 52 segundo pasatu zituen lanean.